Beste supermerkatu bat zabalduko du Eroskik

Oihana Elorza Gorostiza 2006ko mar. 17a, 13:29

Orni enpresa dagoen tokian zabalduko dute, Leizeaga industrialdean; 1.500 metro koadro izango ditu eta jatekoa bakarrik salduko dute.

Eroskik beste supermerkatu bat zabalduko du Leizeaga industrialdean, Orni eta Carpinsa enpresak dauden tokian. Eroskik adierazi digunez, dagoeneko eskatu dute lizentzia komertziala Bergarako Udalean, eta hori lortutakoan hasiko dira proiektua lantzen. Datorren urtean zabaldu gura dute.

Oraindik ez dute supermerkatuaren proiektua egin, baina Eroskik aurreratu du Center supermerkatua zabalduko dutela, aparkaleku eta guzti. 1.500 metro koadro izango ditu eta barruan jatekoa bakarrik salduko dute, ez bestelako produkturik. Bideberrin egun dagoen Eroski dendak zabalik jarraituko duela ere aurreratu dute; ez dutela denda hori itxiko esan dute.

Orni eta carpinsa, nora?

Jabier Mendizabal Carpinsa lantegiko jabeak egiaztatu digu Eroskik egin diola eskaintza bere lokala, lantegia, saltzeko. "Gure lantegia erosi gura dutela esan digute, baina oraindik ez dugu ezer sinatu. Baldintzak aztertu behar ditugu eta beste gauza batzuk lotu; adibidez, nora joango garen pentsatu eta aztertu behar dugu", dio Jabierrek. Orni enpresak ere jaso du lantegia saltzeko eskaintza baina ez du ezer gaineratu gura izan. Hala ere, badirudi enpresa biek Bergaran jarraituko dutela.

Udalaren baimena

Juanjo Arrieta behin-behineko alkateak esan digun moduan, "gune horretan posible da supermerkatua eraikitzea, ez dago arazorik. Erreka doa ondotik eta proiektuan kontuan izan beharko du hori Eroskik, baina bestela, posible da. Hala ere, oraindik ez dugu proiekturik jaso".

Bedelkar haserre

Bedelkar oso haserre dago supermerkatu berri hori jartzeko asmoarekin. "Ez dut ulertzen zergatik ematen duten baimena lur industrialetan zerbitzuak jartzeko", dio Tere Gabilondo Beldelkarreko presidenteak. "Arau subsidiarioak ez dituzte aldatu oraindik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak