Sarara, 34 urteko Karlos Aizpuruaren eskuetara joan da aurten XIV. Amodiozko Gutunen Berrigara Lehiaketako 450 euroko sari nagusia. Halaxe erabaki du Julen Gabiria eta Yolanda Arrieta idazleek, Alex Sardui Gatibu taldeko abeslariak eta Alaitz Sarasola iazko irabazleak osatutako epaimahaiak. Asteon eman dute jakitera erabakia Jardun euskara elkarteko kideek. Baita SMS Bidezko IV. Maitasun mezuen lehiaketako irabazlearen izena ere.
Lanen maila altua
Epaimahaiak, oro har, parte-hartze handia azpimarratu du eta saritutako lanen zein finalisten maila altua. Erabat maiteminduta dagoen jendeak idatzitako gutunak izan direla gehitu dute, eta maiteminduen arteko distantziak konstante bat izan direla.
Egaña bertsolariarekin maiteminduta
Itsaso deitutako neska batek Andoni Egaña bertsolariari idazten dio gutuna. BECeko saio ostean izan zuten maitasun saioa ezin du burutik kendu. Horixe da Karlos Aizpurua irabazleak gutunerako aukeratutako argumentua. Epaimahaiak nabarmendu ditu gutunaren gaurkotasuna eta erabilitako elementu guztien freskotasuna. Horrekin batera gehitu du: "Ondo burututako joko-ariketa bat da, hitz-jokuz beteta. Esaldi bakoitzak bi edo hiru esanahi dauzka; oso iradokitzailea da. Arin-arin irakurtzen da, abiada batean, hitz guztiak primeran lotuta daude, hizkuntza oso ondo menderatuz. Sentimendu karga handia dauka. Andoni Egañak eginiko bertso saioaz maiteminduta dagoen batek idatzitakoa da".
Bigarren saria
Bigarren saria (240 euro) 22 urteko Nagore Etxabe zarauztarrak jaso du. Epaimahaiaren esanetan gutun oso orijinala eta detallista da, "arruntasunari idazten dio, egunerokotasunari. Arrunta dena eta berezia dena bat egiten ditu. San Valentin da Nagoreren gutunaren abiapuntu. Egunaren arruntasuna aldarrikatuz joko bat proposatzen dio bere pottoka maiteari: herriko leku jakin batzuetatik abiatzeko agintzen dio, bide batez elkarrekin bizi izandako pasadizoak gogoratuz, eta azkenean sorpresa bat eskainiko dio, hondartzaren azken muturrean elkartuz.
Bergarako gutun onena
Bergarako gutun onenaren saria (150 euro) Oier Bolibarrek jaso du. 29 urte ditu eta bizitzak heriotzari eta heriotzak bizitzari idatzitako gutuna egin du. Izan ere, biak dira banaezinak, osagarri eta ezinbesteko. Epaimahaiak azpimarratu du Oierren gutunak duen izugarrizko lana. "Izugarrizko lana dago bertan. Edukia eta forma primeran uztartzen ditu". Bestalde, gutunaren diseinua ere nabarmendu dute: "Gutunaren diseinuak garrantzi handia dauka, oso bisuala da".
SMS bidezko mezu irabazlea
Laugarren edizioa bete du SMS bidezko maitasun mezuen lehiaketak. Eider Andres 19 urteko portugaletearrak irabazi du, honako mezuarekin: "Ene pentsamenduak betetzen dituzulako, zure alboan berezi sentitzen naizelako, gauero zugaz amesten dudalako, ohean ondo baino hobeto pasatzen dugulako, MAITE ZAITUT".
Sari banaketa San Valentin egunean
Amodiozko gutunen sari ematea San Valentin egunean egingo dute, otsailaren 14an. Bergaran izango da eta irabazleek gutuna jendaurrean irakurriko dute.
Seguru asko kultura etxean egingo dute sari ematea erabat zehazteke dago, 19:00etan, eta bukaeran luntxa egongo da.