Arau Subsidiario berrien arabera aldaketak izango ditu euren kaleak; nagusia da bi noranzkoko errepidea igaroko dela auzoaren erdialdetik.
Bizilagunak ez datoz bat egingo diren lan horiekin eta informazio falta ere salatu dute: "Udaletxearen aldetik dakigun gauza bakarra da gure kalean bi noranzko izango dituen errepidea egingo dutela, eta, ondorioz, gaur egun dauden aparkaleku guztiak galdu egingo direla. Horrez gain, Artekalea eta Barrenkalea oinezkoendako jarriko dituztenez, Zabalotegi bihurtuko litzateke erdiguneko komunikazio ardatz nagusi eta, bide batez, Elosu auzorako eskualde-errepide zati ere bai. Horrek ondorio larriak ekarriko lizkioke auzuneari".
Arriskua areagotu
Zabalotegikoek ez dute uste euren kalea proiektu horrek ekarriko lukeen trafiko dentsitatea bere gain hartzeko gauza denik. Bestalde, eta kontuan izanda auzoak duen jende mugimendua, "bai inguruko eskoletan dabiltzan umeengatik, bai Mizpirualde egoitzan bizi direnengatik, egungo arrisku maila asko igoko litzatekeela", uste dute.
Bestalde, urtarrilaren 30ean egingo den ohiko osoko bilkuran hitza hartzeko eskaria ere egin dutela azaldu dute kaltetuek. Sinadurei dagokionez, batuko dituzte arau subsidiarioei alegazioak egiteko epeak dirauen bitartean.