Bergarako auditorioa Seminarioko elizan egingo du Udalak

A.G. 2006ko urt. 23a, 09:23
Lauzpabost hilabetetan idatzita egongo da proiektua eta gero finantziazio planari ekingo diote. Seminarioko elizaren erretaula ostea luzatuko dute eta eserleku kopurua bikoiztu egingo dute.

Seminarioko elizan auditorioa egiteko azterketa teknikoa "positiboa izan da eta adjudikatuta dago proiektua. Lauzpabost hiletan esango da zelakoa izango den auditorioa eta diruaren arabera gauzatuko da". Hitz horiekin azaldu zigun Bergarako alkate Victoriano Gallastegik herrian aretoa egiteko hartu den erabakia. Bergaran zinema izatea eskatzen dutenen gainean galdetzeko izan ginen alkatearekin joan zen egubakoitzean eta "orain dela pare bat hilabete Ereite enpresako Javier Sabadie teknikoak Seminarioko elizaren azterketa teknikoa, Zabalotegikoaren aldean, hobea zela azaldu zigun. Zabalotegikoak diru gehitxo suposatzen zuela, aldi baterako areto bat han egokitzeko. Hortaz, eta Espainiar estatuaren baimena badugunez, Seminarioko aukera hobetsi genuen" esan zigun.

Aspaldiko egitasmoa

Bergarako Errege Seminarioa Espainiar estatuaren eskuetan dago eta Bergarako Udala aspalditik ari da eraikina eskuratu nahian. Oraingoz ez da hitzarmena gauzatu, "idatziz, baina laster, pare bat hilabetetan, gauzatuko da", azaldu digu Gallastegik. "Kultura erabilerarako izanez gero, baimena eman ziguten azterketa teknikoa egiteko, eta horrela egin genuen. Inazio Aspiazuk, Xabier Arregik, Jabier Sabadiek eta Xabier Aranburuk proiektua idatziko dute, eraikinaren elizan auditorioa egiteko".

Proiektua idatzi barik dagoen arren, azterketa teknikoak aurreikusten duenez elizako aldareko erretaula albo batera mugituko litzateke eta horrela horma atzerago botaz, eserlekuak gehitzeko aukera izango da. "Erretaula eta absidea ere berritu egingo dira", azaldu digu Bergarako alkateak.

Bitartean zer?

Victoriano Gallastegik argi dauka: "Zinema aktibitate ekonomiko pribatua da. Novedades zinema aretoak hiru hilero 2.500 lagun hartzen zituen; errentagarri izateko hilero joan beharko litzateke jende kopuru hori zinemara. Ekimen pribatu legez mantentzea zaila zela ikusi zen eta horregatik ekin genion erabilera askotariko areto baten proiektuari. Zinemaren aldeko sinatzaile guztiak zinemara joan izan balira, Novedades zabalik legoke orain".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak