'Zinea orain' aldarrikapena egiteko banderatxoak

A.G. 2006ko urt. 16a, 10:14

Zapatuan saldu zituzten balkoietan eskegitzeko banderatxoak. Eguenean, urtarrilaren 19an, batzarra dago kultura etxean, 19:30ean.

Joan zen urteaz geroztik ez dago zinemarik Bergaran. Harrezkero, herritar talde bat dabil, zinema izateko eskubidea aldarrikatzen. Hainbat ekintza egin dituzte orain arte eta herrian dagoen arazoa bistaratzeko, balkoietan eskegitzeko banderatxoak jarri dituzte salgai.

Zapatuan azoka aurrean, lehenengo, eta Domingo Irala kalean, gero, 3 eurotan saldu zituzten Zinea orain dioten banderatxoak. Zuriak eta beltzak egin dituzte, eta dagoeneko eskegi dituzte bergarar batzuek euren etxeetako balkoi eta leihoetan. Banderatxoak, zapatuan kalean salgai jarri zituzten arren, Bergarako tabernetan erosteko aukera ere badago.

Asteon bi batzar

Ekimenaren bultzatzaileek azaldu digutenez, eguaztenean Victoriano Gallastegi alkatearekin batzarra egitekoak dira. "Jakin badakigu, ofizialki ez bada ere, seminarioaren proiektuaren txostena negatiboa izan dela. Gainera, ez da batere leku aproposa zinema aretoa han egokitzeko; zutabeak ditu erdialdean eta erretaula ere ondare legez izendatuta dago. Hala ere, badakigu Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,5 milioi euro onartu dizkiola Bergarako Udalari herriko zinemari irtenbidea emateko. Hortaz, aukera hori ezin du Udalak galdu. Guk eskatzen duguna zera da: behin betiko zinema aretoa izan arte, behin behineko zinema bat izateko aukera bideratzea", azaldu digute taldeko kideek. "Zabalotegiko aukera ere erabat baztertuta geratu da, hortaz, beste irtenbide bat bilatu beharko da, lehenbailehen".

Bestalde, eguenerako batzar irekia deitu dute kultura etxean. "Ahalik eta herritar gehien batzea litzateke asmoa", diote bultzatzaileek. Batzarra eguenean, kultura etxean izango dute, arratsaldeko 7:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak