Peñafloridako kondearen lana gogoan

Maider Arregi 2006ko urt. 13a, 09:20
Dagoeneko 221 urte igaro dira Frantzisko Xabier Munibe, Peñafloridako kondea hil zenetik. Bergaran hasi zituen egitasmoek eragin handia izan dute eta gaur egun ezinbestekoak dira arlo askotako testuingurua ulertzeko.

Idazlea, kultura gizona eta musikaria zen. Azkoitian jaio zen 1729ko urtarrilaren 23an. Gaur, 221 urte beteko dira Peñafloridako kondea Bergaran hil zela (1729-1785). Felipe IV.a erregeak 1635ean sortutako Peñaflorida etxeko zortzigarren kondea izan zen. Azkoitiko jesuitekin egin zituen lehen ikasketak. 1742tik aurrera, Okzitaniako Tolosan zientzia ikasketak egin zituen.

Gipuzkoarren aldeko lana

Peñaflorida kondea oso ezaguna egin zen. Azkoitiko alkate izan zen 1747-48 bitartean eta berriz aukeratu zuten 1755 eta 1765 urteetan. Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izan zen 1750/1754/1758/1761 urteetan. Baita ere gorteetako diputatua 1758an. Lan handia egin zuen Gipuzkoaren alde. Jo eta ke jardun zuen urtetan bere lurraldearen aurrerabidea lortu eta gipuzkoarren bizi-maila hobetzeko.

Euskalerriko Adiskideen Elkartea

1763ko uztailaren 2an Gipuzkoako Batzar Nagusiek Ordizian egin zuten bilera. Bertan, izenburu luzeko egitasmoa aurkeztu zuten Peñafloridak eta beste hamabost lagunek. Egitasmoa Migel Ignazio Olaso, Bizente Lili eta Joakin Ignazio Moya bergararrek sinatu zuten, besteak beste.

Egitasmo horrek Europako zenbait herriren aldean genuen atzerapena gaitzesten zuen. Ezjakintasunetik atera eta herririk aurreratuenekin bat egiteko, hainbat alor landu, ikertu eta sustatu behar zirela azpimarratzen zuen.

Euskalerriko Adiskideen Elkartea ere sortu zuen. Elkartearen asmoa arteak eta zientziak lantzea, industria bultzatzea eta hezkuntza hobetzea zen. Bergara izan zen hezkuntza-mugimendu ilustratuaren sorlekua. Hala, lau batzorde eratu zituzten:

  • Nekazaritza eta baserriko ekonomia,
  • zientziak eta arte erabilgarriak,
  • industria eta merkataritza eta
  • historia eta literatura.

Elkarteak bilakaera handia izan zuen, zalantzarik gabe, eta zuzendariak hiru helburu nagusi finkatu zituen:

  • Lehen hezkuntza hobetu eta baliagarriago bihurtzea.
  • Emakumeak alfabetatzea.
  • Goi-mailako hezkuntzarako ikastetxea sortzea, zientzia positiboak lantzeko bereziki, beste herri batzuetan zeudenen antzera.

Eragin handia

Peñafloridaren lanak emandako fruitu oparoak Espainia osora zabaldu ziren. Bergarako Errege Mintegiak eragin nabarmena izan zuen kulturaren alorrean. Eragin hori, gainera, urrutira iritsi zen, Espainiako 39 probintziatako eta Latino Amerikako 14 herritako ikasleak izan baitzituzten mintegian. Mintegia Espainiako lehen eskola teknikoa izan zen. Horrek guztiak argi erakusten du nolako garrantzi handia izan zuen Peñafloridaren lan soziokulturalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak