Eguaztenean zabalduko dute Bergarako Simon Arrieta plazako Kutxaren bulego berritua. Leihatila bako bulegoa izango da eta era horretako Gipuzkoako bulego bakarra izango da gainera, Luis Abajo bulegoko zuzendariak aditzera eman digunez. "Lau bulego egongo dira Simon Arrietan, baina jendeari harrera egiteko leihatilarik ez da egongo. Ordea, bi kutxazain, dirua sartzeko makina bat eta Internet bidezko operazioak egiteko laugarren bat jarriko ditugu", gehitu du Abajok.
Formula berria
Bulegoko zuzendariak azaldu digunez, "Kutxak formula berri hori Bergaran frogatzea erabaki du. Bezeroak ohitu egin beharko dira era horretara funtzionatzera". Hala eta guztiz ere, edozein arazo suertatzen dela ere, Kutxak baditu Bergaran beste hiru bulego gehiago: San Martin plazan, Fraizkozurin eta San Antonio auzoan, hain justu ere.
Bulego berritua eguaztenean irekiko dute Kutxako arduradunek. Gaur bertan egokituko dituzte makinak Simon Arrietako bulegoan, eta azkeneko atontze lanak egingo dituzte, eguaztenean zerbitzua ematen hasi ahal izateko.