'Aupa Etxebeste!' euskararen historiako film ikusiena

Sekula euskarazko film batek izan duen ikusle kopururik handiena lortu du Aupa Etxebeste!-k. Asteburu honetan eskainiko dute filma Bergaran. Zinema emanaldiak berreskuratzeko taldeak idatzi bat egin du. Guk iritzi guztiak jaso ditugu.

Filmari buruzko datuak

Filmari buruzko datuak

50.000 ikusle baino gehiago joan dira filma ikustera. Hego Euskal Herrian ikusleen % 91k euskaraz ikusi du eta Euskal Herritik kanpo ere % 50ek ikusi du filma euskaraz (gaztelaniazko azpitituluekin). Orain arte zinemetara Aupa Etxebeste! ikustera joan direnek 221.464 euro utzi dituzte txarteldegietan. Filmak ordea hasiera hasieratik izan du harrera beroa.

Bergaran eskainiko dute filma

  • Bihar, urriak 28 eta zapatuan, urriak 29an, bina emanaldi izango dira, 20:00etan eta 22:30ean.

  • Emanaldi bakoitzeko 700 lagun sartu ahal izango dira. Sarrerak 2 eurotan salduko dituzte. Arratsaldeko emanaldirako 18:00etan zabalduko dute leihatila eta gaueko emanaldirako, 21:00etan.

Zinema zaleen protesta

Herriko zinemazale talde batek zinema emanaldiak aldarrikatzen dihardu udaberritik, martxoaren 28an Novedades aretoa itxi zutenetik. Asteon idatzi bat kaleratu dute. Asier Altuna Kixi zinema zuzendaria dugu idatzia sinatu dutenetako bat.

  • "(...) Novedades areto zaharraren heriotza bazetorrela ikusita, aldez aurretik martxan izan beharko zukeen erabilera anitzeko aretoa. (...)
  • Uztailean prentsaren bidez jakin genuen Zabalotegiko lokalean erabilera anitzeko areto bat egokitzeko lanak egin eta 2006ko hasierarako zinema, antzerki, hitzaldi eta antzerakoez gozatzeko aukera izango dugula. Zabalotegik hautsa pilatzen jarraitzen du, ez da oraindik inongo lanekin hasi".

Era berean, idatziaren sinatzaileek Aupa Etxebeste! filmaren emanaldia berandu eta leku aldrebesean egingo dela salatzen dute. Ostiraleko emanaldiaren aurretik, elkarretaratzea egingo dute frontoian, 19:30ean.

Alkatearen erantzuna

  • "Kiroldegian edo Udal Pilotalekuan bakarrik antolatu zitekeen emanaldia eta pilotalekuak eskaintzen ditu baldintzarik onenak. Filma estreinatu eta handik gutxira esan genuen filma ekarriko genuela.

  • Niri ere pena handia ematen dit Bergaran zinemarako areto egokirik ez egotea. Nork ordaindu behar du zerbitzu hori? Gauzak ondo aztertu behar dira, eta alternatibak eskaini. Lehengo zinema aretoa pribatua zen, Udalak diruz lagundutakoa.
  • Bestalde, Zabalotegiko eta Seminarioko auditoriaren gaineko txostena eskuartean daukagu eta hura aztertu ondoren hartuko dugu erabakia".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.