Araztegia egiten hasi dira Mekolalden

EduMendibil 2005ko urr. 7a, 11:30
Hasi dira Mekolalden araztegia egiteko lanak. Amenabar eraikuntza enpresak dihardu lanean joan den astea ezkero, eta lanek bi urte iraungo dute. Mekolaldeko araztegiak Bergara, Antzuola eta Elgetako sareko urak jasoko ditu etorkizunean.

Deba ibaiko saneamendu sarearen barruan berebiziko garrantzia izango du Mekolaldeko araztegiak. Hain zuzen ere, Deba ibaian lau araztegi jarriko dituzte: Arrasaten (Epele), Bergaran, Elgoibarren eta Mutrikun. Eta horiei gehitu behar zaie Deban martxan dagoena.

Mekolaldeko araztegiak Elgeta, Antzuola eta Bergara aldeko ur zikinak jasoko ditu eta puntako teknologia erabiliko da uren garbiketa lortzeko. Hain zuzen ere, egindako neurketen arabera, kutsadura mailarik altuena dauka gaur egun Arrasate eta Bergara arteko zatiak. Eibarren bakarrik gertatzen da horren kutsadura indize altua. Deba ibaiko saneamendu sarea 2007. urterako gertu egotea da asmoa.

12,7 milioiko aurrekontua

Jaurlaritzako Ingurumen Sailak egingo ditu Mekolaldeko araztegiko lanak. Joan den astea ezkero Construcciones Amenabar SA enpresako langileek dihardute Mekolalde Dorrearen aurreko lursailetan lanean. Hain zuzen ere, depositu biologikoa izango dena kokatu ahal izateko hondeaketa lanak egiten ari dira egunotan. Kamioien eta hondeamakinen lanek ikusmin handia piztu dute Mekolalde eta Osintxu aldera paseatzera joaten diren herritarren artean. Lanen aurrekontua 12,7 milioi euro inguru da, eta Amenabarrek bi urte dauzka lanok amaitzeko.

Mekolalde Dorrea berritu

Bestalde, Mekolalde Dorrea berritu egingo dute. Mekolalde Dorrea XV-XVI. mendekoa da, barrokoaren garaian handitu eta berritu zutelarik. Etorkizunean araztegiko bulegoak jasoko ditu. Berritze sakona egitea beharrezkoa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak