UEFA erakundearen mini estadioa Agorrosinen

EduMendibil 2005eko irailaren 30a

UEFA Europako futbol erakundeak mini estadio bat oparitu dio Bergara Kirol Elkarteari. UEFAren 50. urteurrena dela eta, Espainiako Estatuan horrelako 40 mini estadio jarriko dituzte eta Gipuzkoara helduko den bakarra Agorrosingoa izango da.

Instalazio hauen kostua UEFAk ordaintzen badu ere, onartzen duen erakundearen kontura dira ezartze lanak, 6.968 euroko aurrekontuarekin. Hori dela eta, Bergara Kirol Elkarteak kopuru horrengatik dirulaguntza eskatu zuen eta Udalak onartu egin du eskaera, hainbat baldintzarekin: instalazioaren erabilera eta beste hainbat zehaztapen jasoko dituen hitzarmena sinatuko da Bergara Kirol Elkartearen eta Udalaren artean. Bestalde, mini estadioaren jabetza Bergara Kirol Elkartearena izango da eta instalazioaren mantentze lanak Udalak egingo ditu. Gauean izan ezik, egun guztian zehar izango da zabalik mini estadioa.

Hainbat jarduera

Jarduera askotarako instalazio berriak 21x10 m-ko neurriak izango ditu eta belar artifizialekoa izango da. Hesiz inguratuta egongo da eta, besteak beste, areto futbola, saskibaloia, eskubaloia, tenisa, boleibola eta bestelako kirolak egin ahal izango dira bertan. Ekipamenduak 40.000 euro inguruko aurrekontua dauka eta Udalak emandako dirulaguntza garraio lanak eta instalazio lanak ordaintzeko bideratuko da.

Gipuzkoako bakarra

Bergara KEk Gipuzkoako Futbol Federazioaren bitartez egin zuen mini estadioa jaso ahal izateko eskaera. Azkenean, UEFA erakundeak baimena eman du mini estadio horietako bat Gipuzkoara ekartzeko. Esan bezala, Espainiako Estatuan horrelako 40 mini estadio jarriko dituzte eta Bergarakoa izango da Gipuzkoako bakarra. Lehenbizi egokitze lanak egingo dira San Martin aldera dagoen atearen atzealdean eta mini estadioa udazkenean martxan izatea espero da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak