Antxon Sasiain presoaren aldeko mozioa onartu du udalbatzak

EduMendibil 2005ko ira. 29a, 14:53
Antxon Sasiain bergararraren aldeko mozioa onartu zuen udalbatzak astelehenean. Etxeratek aurkeztutako mozioa EAJ-EA eta Aralarren botoekin onartu zen. Besteak beste, Sasiainen askatasuna eta estraditatua ez izatea jasotzen da onartutako testuan.

Sasiain Bergaratik ihes egin beharrean aurkitu zen 1998an, 2002an atxilotu eta espetxeratu zutelarik. Hain zuzen ere, astelehenean, urriaren 3an, beteko du kartzela zigorra Frantzian, Normandian, Val de Reuil espetxean. Udalbatzak onartutako testuan Sasiainen askatasuna eskatzen dute, "bere zigorra bete du eta espainiar estatura estraditatua ez izatea eskatzen dugu, izan ere tortura eta tratu txarren arriskua hor dago". Era berean, bere eskubideak errespetatzea eta Sasiain eta beste bergarar preso eta iheslarien Euskal Herriratzea eskatzen dute. Azkenik, "ezinbesteko eragile politikoak diren heinean, euskal presoek bake prozesuan parte hartzea" eskatzen dute.

Manifestazioa astelehenean

Bergara Aurrera eta Etxerateko kideak pozik azaldu ziren mozioa onartzeagatik. Hala ere, Mikel Egurenek zera adierazi zuen: "Onartzeaz gain, ea betetzen den mozioan jasotakoa. Iazko uztailean Sasiain gose greban egon zenean elkartasuna adierazteko mozioa onartu zen, baina ez dakigu han jasotako guztia betetzeko ahaleginak egin ziren". Alkateak gestio guztiak egin zirela eta onartutakoa martxan jarri behar dela erantzun zion.

Astean zehar elkarretaratzeak egin dituzte Etxeratekoek. Astelehenean, urriaren 3an, manifestazioa deitu dute San Martin plazan, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak