Ongietorri beroa egin zioten zapatuan Mikel Garaiondori Osintxun

Antxon Sasiain bergararraren estradizioa dela eta elkarretaratzeak deitu dituzte urriaren 3ra bitartean.

"Eskerrik asko etorritako guztioi eta besarkada bat barruan geratu diren kide eta lagunei". Esker hitzak izan ziren Mikel Garaiondok zapatuan Bergarako Osintxu auzoan jasotako ongietorrian egin zituen lehenengoak. Horrekin batera, sakabanaketaren ondorioz senideek jasaten duten sufrimendua eta iheslariak ere izan zituen gogoan. Garaiondo irailaren 13an askatu zuten, 12.000 euroko fidantza ordainduta beste bost kiderekin batera.

Garaiondok ia bi urte eman ditu kartzelaratuta. 2003ko azaroaren 20an atxilotu zuten Eibarren, Tarbesen atzemandako paperetan oinarrituta. Ordutik hainbat espetxetan izan da (Soto del Real, Almeria, Valdemoro). Operazio berean beste hamahiru lagun ere atxilotu zituzten.

Antxon sasiain

Urriaren 3an estraditatu egingo dute Antxon Sasiain bergararra Estatu frantsesetik espainiarrera. Estradizioa salatzeko mobilizazioak antolatu dituzte Askatasunak jakitera eman duenez. Batetik, gaur, astelehena, hasi eta urriaren 3ra bitartean elkarretaratzeak deitu dituzte egunero, 19:00etan, Bergarako San Martin plazan. Bestetik, urriaren 3rako, mobilizazio eguna deitu dute eta manifestazioa egongo da. 19:30ean abiatuko da San Martin plazatik. Horrez gain, bihar, Gudari Eguna dela eta, manifestazioa egongo da Arrasaten, 19:30ean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.