Erreileno eta tostoien kofradiak ohorezko lau kide berri ditu atzotik

Jose Mari Zezeaga pilotariak, Odol emaileen elkarteak, Natalio Juaristik eta Alai Taldeak atzo egin zioten zin izendapenari kofradiak egin zuen VI. kapituluan.

Azkeneko sei urteetan egin izan duen bezala, kapitulua egin zuen atzo kofradiak San Martin jaien barruan, eta ekitaldi horretan izendatu zituen ohorezko lau kofradeok.

Ohorezko izendapenok udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin zituzten, estatu guztitik etorritako beste hogei kofradiatako kideen aurrean (Tolosako babarrunak, Eibarko bakailaoa, Utiel-Requenako enofiloak, Beasaingo odolostea, Kantabriako gazta, Manchako gazta, Madeirako kofradia gastronomikoa, Donibane Garaziko Kortsarioak...).

Juan Luis Bikuñak egin zituen gidaritza lanak eta guztiei ongi etorria egin eta gero ohorezko kide izateko puntuan zeudenak aurkeztu zituen, baita izendapenerako arrazoiak eman ere. Jose Mari Zezeaga izan zen lehenengoa. "Kirolari eredua aukeratu beharko balitz, zalantza barik hori Jose Mari Zezeaga izango litzateke", esan zuen Bikuñak. "Bere adorea eta pilotari izateko gogoa azpimarratzekoak dira. Atzelari onenetarikoa izan da, agian Astelenako onena garai batean. Ez du sekula amore eman, ezta orain ere. Bere ibilbide zintzo eta finagatik izendatuko dugu ohorezko kofrade".

Odol emaileen elkartearen txanda iritsi zen gero eta haren ordezkari Fernando Idigoras izan zen ekitaldian, elkartearen presidente azkeneko 31 urteotan. "1967an sortu zen elkartea Bergaran eta lan handia egin du. Elkarte solidariorik bada, hori odol emaileena da. Gaur egun 950 emaile aktibo ditu eta urtean ia 1.500 odol poltsa hornitzen dituzte", esan zuen Bikuñak, eta "hori guztia aitortu nahi die kofradiak" gehitu zuen. Unerik hunkigarriena Natalio Juaristirekin iritsi zen: "93 urte beteko ditu laster", esan zuen Bikuñak "eta lehenengo abertzale leial eta euskaltzale zintzoa dugu bera. Musikaria ere izan da, hainbat abesbatzatan ere hartu du parte, baina Natalio batez ere, bergarar petoa da. Norbaitek Bergara maite badu, hori Natalio da. Zenbat erreileno eta tostoi kaxa eraman ote ditu hemendik kanpora...". Bukatzeko, Nataliori zuzenduta esan zion, "Zure ibilbidearengatik, zure izateko moduarengatik eta bergarar petoa izateagatik ohorezko kide izendatuko zaitugu".

Alai Taldearen kasuan esan zuen: "Ez dago Bergaran Alai taldea ezagutzen ez duenik. Duela 33 urte sortu zuen Justo Idigorasek, 25 bat lagunekin. Oso talde herrikoia izan da beti eta abesti herrikoiak abestu izan ditu Bergaran zein kanpoan. Gaur egun kide gutxiago dira, baina oraindik ere maiz ikusten ditugu kaleak alaitzen. Merezitako onespena da gaur jasoko dutena".

Azalpen horien guztien ostean, Bittor Alberdi kofradiako presidenteak karguari zin egitea eskatu eta eurek halaxe egin zuten. Kapituluari bukaera emateko, Bergarako zein kanpotik etorritako 20 kofradiak Zabala jatetxera joan ziren bazkaltzera.

San Martin jaietan giro polita

Kofradiarenaz gain, San Martin jaiak beste hainbat ekitaldiz jantzita egon dira eta euri pixka bat egin duen arren, giroa aparta izan da. Udal arduradunek ere jaien balorazio positiboa egin dute. Maider Osa kultura teknikariak "nahiko ondo" joan direla esan digu; "jende aldetik iazko antzera ibili da, baina giroa hobea izan dela uste dut" gehitu du. Asteburuan egin diren ekitaldietatik azpimarratu ditu Udal Musika Bandak egin zuen kontzertua, Trapu Zaharra antzerki taldeak egindako emanaldia, Txomingeroen bazkaria eta umeen danborrada "politak izateaz gain, jende ugari batu dutelako".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.