2005-2006 denboraldian ez da senior mailako saskibaloi talderik egongo Bergaran

Adinean gora joanez gero, emaitzak kaskarragoak izan dira elkarteko lau kiroletan. Egubakoitzean izan zen batzar orokorra eta lehendakariaren agurraren ostean, kirol eta diru kontuak jorratu ziren.

Iñaki San Joseren lehendakaritzapean dagoen elkarteak futbolari, eskubaloiari, saskibaloiari eta pilotari errepasoa eman zien. Ez zen gustuko balorazioa izan, baina txarragoa ere izan zitekeen. Oro har, kirol guztietako nagusiek denboraldi kaskarra egin dute eta elkarteari poztasunak gaztetxoenek eman dizkiote.

Futbolean, preferente mailara igotzea erronka

Hurrengo urtera begira, futbolean preferente mailara igotzeko erronka izango dute. Ez da erraza izango; izan ere Iñaki San Josek esaten duen moduan "errazagoa da preferente mailari eustea, preferente mailara igotzea baino". Saskibaloian okerrago daude senior mailako mirak, ez da talderik irtengo eta hurrengo denboraldian. Hala ere, bai kadeteetan bai gazte mailan nesken eta mutilen taldeak irteteko aukera egon liteke.

Pilotan Igor Igartua eta Beñat Rezusta kimu mailan Gipuzkoako txapeldunorde izan dira. Eskubaloian, bigarren nazionaleko eta bigarren territorialeko taldeek, talde bakarra osatuko dute lehen territorialean hurrengo denboraldian. Nesketako taldeak maila berean jarraituko du.

Diputazioarekin tratuan

Orain oporrak etorriko dira, baina hurrengo denboraldira begira, badute zer negoziatu Bergara K.E.-ko kideek. Eskola-kirolaren legea puri-purian dagoen gaia da eta Bergaran ere jorratu beharreko gaia dela deritzote. Hori dela eta, hurrengo denboraldian Diputazioarekin negozioazioa egongo da eta asmoa hurrengoa da: infantil eta kimuetan nahi diren taldeak ateratzea eta benjaminetan teknifikaziorako taldea sortzea.

Balantzeak alderdi txarrak gehiago izan ditu onak baino. Hala ere, jokalarien ekimena ikusita, aurrera joko du elkarteak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.