Algodonerako lan istripua salatzeko bilkurak

Goiatz Arana Begiristain 2005ko mai. 3a, 18:13
UGT, CC.OO. eta USO sindikatuek bilkura egin dute gaur eguerdian, pasa den astean Algodoneran gertatutako istripua salatzeko.

Bergaran gogoan izan dute gaur pasa den astean lan istripuz hildako gaztea: Tavex Algodonera enpresarenak izandako eraikinak botatzeko lanetan ari zela hil zen 25 urteko goizuetarra, hondeatzeko makinak azpian hartuta.

Gertatutakoa salatzeko bilkura egin dute UGT, CC.OO. eta USO sindikatuek eguerdian, San Antonio auzoan bertan. Dozena bat lagun bildu dira ‘Lan istripua patronalaren errua’ zihoen pankartaren atzean.

Sindikatuetako ordezkariek esandakoak

Carlos Gonzalez, CC.OO.: “Badirudi istripua gertatu zela ez zirelako beharrezko segurtasun neurriak hartu. Aurrez zekiten azpian bazirela zuloak eta tunelak, baina lanak geratu eta zoruaren egoera aztertu beharrean aurrera egin zuten, hondeatzeko makina irauli eta istripua gertatu zen arte. Langile gazte bat hil zen ondorioz.

CC.OO.ek ez du baztertzen gainerako sindikatuei proposamena luzatzea mobilizazio irmoago bat egiteko, ezta eraikuntza sektorean greba egitearen ideia ere, patronalei eta erakundeei arazoaren garrantziaz ohartarazteko”.

Salvador Peña, UGT: “Irakurketa negatiboa egin beharrean gaude. Bilkura hauek ez lirateke egin beharko, berez gisa honetako istripuek ez luketelako gertatu behar. Europako portzentajerik altuena dugu horrelako istripuetan, eta hori oso larria da. Eraikuntza sektorean kontrata eta azpikontrata asko daude, eta enpresa askok ez dute legea betetzen, ez dituzte istripuak ekiditeko segurtasun neurriak hartzen.

Gobernua ere denuntziatu nahi dugu, lan ikuskatzaileek ez baitute behar beste egiten prebentzio neurriei dagokienez. Zenbait kasutan denuntziak egoten diren arren, ikuskatzaileak ez dira lantokietara joaten, eta ez diete enpresariei segurtasun neurriak har arazten”.

Asteazkenean, hamaiketan

ELA, LAB, STEE-EILAS eta ESK sindikatuek asteazken goizeko hamaiketarako egin dute deialdia, ezbeharra gertatu zen lekuan. Bien bitartean, eraispen lanek geldirik jarraitzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak