Hasi dira Tavex-Algodonerako tailerra botatzen

Etorkizunean etxeak egingo dituzte tailerra zegoen lekuan eta Algodonerako bulegoak Gabiria Dorrera pasako dira. Udazken aldera hasiko dira Gabiria Dorrea berritzen. Hala esan zuten egubakoitzean Udalak eta Tavexek egin zuten sinatze ekitaldian.

Gabiria Dorrea berritzeko hitzarmena

Gabiria Dorrea berritzeko hitzarmena

Bergarako Udalak eta Tavexek Gabiria Dorrea berritzeko hitzarmena sinatu zuten aurreko egubakoitzean. Tavex taldeko Enrique Garranek eta Victoriano Gallastegi alkateak sinatu zuten.

Hitzarmenaren arabera, Tavexek San Antonion dituen langileen bulegoak bertan kokatuko dira. Gabiria Dorrea berritzeko lanak udazken aldera hasiko direla aurreratu zuen alkateak, prentsaurrean.

Berritze lanen kostua bien artean ordainduko dute

Udalaren eta Tavex enpresaren arteko akordioa gauzatu ondoren, langile horiek Gabiria Dorrean lan egingo dute etorkizunean. Administrazioak Dorrearen berritze lanen %50 ordainduko du eta beste erdia Tavex enpresak. Edozein modutan ere, Udalak jarraituko du dorrearen jabea izaten eta Tavexek epe jakin baterako izango du Gabiria Dorrea erabiltzeko eskubidea.

Etxebizitzak egingo dituzte

Atzo bertan Algodonera San Antonioko pabilioiak bertan behera botatzeko lanak hasi ziren. Lantegia zegoen tokian, etxebizitzak egingo dituzte etorkizunean. Tavex taldeak Adarra eraikuntza-enpresari saldu zion lursaila, 17.000 m2 guztira.

Monumentu kalifikatu izendapena du Gabiriak

Gabiria Dorrea XV. mendekoa da eta monumentu kalifikatu izendapena dauka, Jaurlaritzako Kultur Sailak ematen duen gorena. Teilatua ondo badago ere, barrualdean goitik beherako berritzea beharrezkoa izango du. Monumentu kualifikatu izendapena izatean, administrazioaren laguntza jasotzea espero du Udalak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.