Lanak Arruriagatik gora hasi ditu Lasarteko Ozio enpresak eta trafikoa etenda dago San Pedro kaletik Arruriagara doan tartean. Lehen fase batean Arruriagatik Goenkaleko irteera doan tartean egingo dituzte lanak; ondoren, Goenkaletik udaletxera doana. Esan bezala, Udalak emandako datuen arabera, urbanizazio lanak azarora arte luzatuko dira.
Trafikoa etenda
Tarte horretan trafikoa eten badute ere, etxebizitzetarako eta lokal komertzialetarako pasoa ahalik eta gutxien oztopatzen saiatu dira obrako arduradunak. Edozelan ere, barkamenak eskatu nahi dizkiete lanengatik kaltetutako guztiei. Aste bukaeretan eta jai egunetan lanak modu berezian seinalizatuko dituzte, Arruriaga, Artekalea eta Goenkalerako sarbidea ahalik eta gehien erraztuz.
Galtzada-harria bistan
Herri barrua berreskuratzea da egitasmoaren helburuetako bat. Ur hoditeria aldatu eta espaloiak berritzeaz gain, bestelako txukuntze lanak egingo dituzte hurrengo hilabeteotan. San Pedro parrokia eta udaletxe artean dagoen eremuan bezala, galtzada-harria bistan lagako dute. Iñaki Aspiazu bergarar arkitektoak egindako proiektuaren arabera, lanek 1,3 milioi euroko aurrekontua izango dute. Aurrekontuaren %30 Eusko Jaurlaritzako Izartu programaren bitartez finantzatuko dute.