Bi kategoria izango dira, zuri-beltzeko argazkiak eta koloretakoak, eta sail bakoitzean 540 euro emango dituzte saritan, honela banatuta: sari nagusia, 180 euro; bigarrena, 150; hirugarrena, 120; eta Bergarako onena, 90. Saridunek Santi Arrietaren argitaratu gabeko zeramika lan bana jasoko dute garaikur moduan.
Euskadin bizi den edozeinek parte har dezake. Gaia, teknika eta prozedura libreak dira. Zuri-beltzeko edo koloretako lanak, mota bakoitzetik lau aurkez daitezke, gehienez ere, eta presentazio aldetik, 30 x 40 cm-ko kartulinatan aurkeztu behar dira, baina argazkiaren beraren tamaina librea da. Atzealdean, egilearen datuak ipini behar dira.
Lanak Bergarako Udaletxera ekarri edo kultura etxera bidali behar dira posta zertifikatuz. Horretarako mugaeguna maiatzaren 4a da. Argibide gehiagorako, 943 76 30 90 telefonora deitu behar da.
Kamiseten diseinua
Zabalik jarraitzen du beste sormen lehiaketa baten esku hartzeko epeak; Oñati-Arrasate herri lasterketako kamiseten diseinua aukeratzeko sariketakoak, alegia. Oñatiko Laixan elkarteak deitu du, eta euren bulegora bidali behar dira lanak apirilaren 15a baino lehen. Gehienez bi koloretan egindako marrazkiak onartuko dituzte, eta bi lelo gehituko dizkiote. Irabazleak 150 euro jasoko ditu sari moduan.