2004ko urtarrilean jarri zituzten abian Bergarako Epaitegia zaharberritzeko lanak. Egunotan amaitu dituzte lanok eta azken ukituak ematea besterik ez da falta. Ariznoa plazak zein Epaitegiko eraikinak itxura berria daukate. Herritarren artean ere eztabaida piztu dute lanek: batzuen gustukoa bada ere, hainbat herritarrek kritika ezkorrak egin dizkiote proiektuari. Udal osoko bilkuran ere horren gaineko eztabaidak izan dira, besteak beste lehen Ariznoa plazan ziren arbolak kendu eta haien ordez bakarra jarri dutelako. Bergara Aurrerako ordezkariek beren kexa azaldu zuten azken ez-ohiko bilkuran.
Ezinduendako sarrera
Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Gaietako Sailak egin du Epaitegia egokitzeko proiektua. Epaitegia XIX. mendearen bigarren erdikoa da. Besteak beste, ezinduendako sarrera egin dute, eta horretarako hesitxo bat egin dute eraikinaren aurrealdean. Erakinaren estalkia konpondu, fatxada garbitu eta leihoak ere aldatu dituzte azken hilabeteotan.
Ariznoa plazak, esan bezala, itxura berria dauka. Arbola bakarra jarri dute eta bederatzi farola eta lau eserleku jarri dituzte eraikinaren aurreko plazatxoan.
Proiektuaren aurrekontua 281.000 euro ingurukoa izan da.