Domekan egin zioten 'Migelon'-i ongietorria Bergaran

Hirurehun bat herritar zituen zain iluntzeko 19:15ean Bergarako San Martin plazan sartu zenean. Migelon-ek presoen alde burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko eskaera egin zuen.

Ikurriñez inguratuta sartu zen joan den domeka iluntzean Mikel Zubimendi Migelon Bergarako San Martin plazan. Bertan, 300 herritar inguru zituen zain jaioterrira ongietorria emateko prest.

Berriki egindako gose eta egarri grebaren ondorioz argal dago baina "ametsaren ildotik segitzeko prest" esan zuen.

Aurreskua, herriko Batasuna, Segi, Etxerat zein Askatasunaren opariak eta bertaratutakoen txaloak jaso zituen Migelonek. "Urduri nago", esan zuen, "hitzak ortopedikoak dira emozioak adierazteko".

Bere adierazpenetan presoak, iheslariak eta presoen alde lan isilean ari diren pertsona guztiak izan zituen gogoan eta Bergararrak iragan otsailaren 28an Uruguaiko ospitale batean zendu zen Juanjo Urrutia iheslaria nabarmendu zuen bereziki. "Madarikatu nahi ditut", esan zuen gainera, "egoeraz jabetu eta bihotzak itxi eta bizkarra emanda presoak usteltzen uzten dituztenak".

Egungo egoera politikoari buruz ere hitz egin zuen. "Jendea adoretu nahi dut" esan zuen, "jokoz kanpo utzi nahi izan dute ezker abertzalea baina joko berri bat proposatuz penalti egoerak sortu dira. Talentu eta indar handia dago hemen".

Bertaratutakoen izenean Bergarako Askatasunako kide batek ongietorri hitzak egin zizkion Migeloni. "Borrokarako erreferente izan zaitugu, lehen lerroko militantea eta gure esker ona adierazi nahi dizugu".

Ekitaldiari amaitzeko emateko manifestazioa egin zen Bergarako kaleetan. Aurretik, pankarta bat Euskal presoak Euskal Herrira lelopean. "Lasaitasuna behar dut" esan zuen Migelonek manifestazioa hasiera baino lehen. "Emozio asko dira baina jendea gogor ikusten dut".

Zortzi urte kanpoan

Migelonek 1.997an egin zuen alde Bergaratik eta bi urte beranduago, 1.999ko martxoan, atxilotu zuten Parisen. Sei urte eman ditu Frantziako espetxeetan martxoaren 7an askatu zuten arte. Espainiako poliziaren esku utz ez zezaten gose greba hasi zuen otsailaren 16an eta egarri greba martxoaren 3tik aurrera.

Jarraiko bozeramaile eta Herri Batasunako legebiltzarkide ohia Madrilera deitua izan zen joan den astean Jarrai, Haika, Segi auzian deklaratzera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.