Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak astelehenean erabaki zuenez, 2006ko Kilometroetako jaia Oiartzungo Haurtzaro Ikastolak antolatuko du. Era berean, 2007. urtekorako Aranzadi Ikastola izendatu zuten. Tarte horretan beste ikastolaren bat kinka larrian ez badago, Aranzadik antolatuko du ikastolen jaia, 2007ko urrian.
Hamasei urte beranduago, berriz
Beraz, hamasei urte beranduago Kilometroak jaia izango du berriz Bergaran. 1991ko urriaren 6an ospatu zen lehenbiziko aldiz, eta milaka lagun hurbildu ziren egun hartan Bergarara. Eguraldiak lagundu ez zuen arren, Bergarara etorri zirenek ibilbidearekin eta herrian sortutako giroarekin gozatu zuten.
Ibilbide laua
Patricia Urrutia Aranzadiko zuzendariak esandakoaren arabera, ibilbide laua prestatu nahi dute 2007an. Baliteke lehengo trenbide zaharretik egitea ibilbidea, Labegaraietatik hasi eta Osintxuraino. Dena den, gauza horiek poliki-poliki zehazten joango direla zehaztu du Urrutiak.
Aurtengo Kilometroak Aretxabaletan eta Eskoriatzan ospatuko da, urriaren 2an.