Domekan, Extremadurako ogi mamien eguna ospatuko da San Martin plazan. Urteroko ohiturari jarraituz, Arrasateko Corazon de Encina Extremadura elkarteak aurten ere antolatu du jaia.
Urtero sasoi honetan izaten da ogi mamien eguna eta urte bakoitzean, Debagoieneko herri bat aukeratzen dute ospakizunerako. Iaz Eskoriatzan egin zuten eta oraingoan Bergarari egokitu zaio txanda.
Domekan, beraz, Extremadurako ogi mamiak doan jateko aukera egongo da Plazan. Ogi mamiak Extremadurako neguko jaki oso tipikoa da. Birrindutako ogia hartu, olioarekin frijitu eta urdaia, berakatza eta piperrak gehituta egiten da.
Extremadurako produktuak
Ogi mamiez gain, besteak beste, urdaiazpikoa, txitxi-burduntziak, gazta, pestiñoak, erroskilak eta loreak izeneko gozo tipiko batzuk jan ahal izango dira. Pitarroso ardo gorria eta Trampal beltza edateko aukera ere egongo da.
Ogi mamiak doan izango diren arren, gainontzeko jakiak eta edariak ordaindu egin beharko dira.
Salmenta puntua 11:00etatik 14:00etara bitartean egongo da San Martin plazan. Jai honekin herrian giroa sortzeaz gain, Extremadurako gastronomia ezagutarazi nahi dute.