'Euskararen zazpi bekatu nagusiak' antzezlana Novedadesen

Irati Agirreazaldegi 2005eko martxoaren 9a

Zapatuan Korrikaren aldeko eguna izango da Bergaran. Egun horretako antolatu duten ekitaldi nagusia antzerkia da. Gauean, Korrika-AEK beka irabazi duen "Euskararen zazpi bekatu nagusiak" lana antzeztuko dute Novedadesen.

Gaueko 22:00etan Korrika Batzordeak antolatutako ekitaldi nagusia ikusteko aukera izango da: "Euskararen zazpi bekatu nagusiak" antzezlana, hain zuzen ere. Obra honek Korrika-AEK beka irabazi du. Aitzpea Goenagak idatzitako antzerki testuan oinarrituta dago. Olatz Beobidek eta Edi Naudok zuzenduko dute eta aktoreak Niko Lizeaga, Mikel Laskurain eta Lierni Fresnedo dira.

Korrika kulturalaren baitan antolatutako ekitaldia izanik, hainbat lekutan antzeztu dute jadanik eta jendeak gustuko izateaz gain, barre asko egin duela jakinarazi digute antolatzaileek.

Euskararen arazoak

Euskara ikasi, erabili, bizi eta hitz egiteko beharraren arrazoia da obraren mamia. Euskararen egunerokotasunean sortzen diren hainbat egoera bitxi erakutsiko ditu antzerkiak, euskararen arazoak mahai gainean jarriz. Ikusle bakoitzak bere ondorioak ateratzea da helburu nagusia.

Egileak zazpi bekatu nagusiak (amorrua, lizunkeria, zuhurkeria, bekaizkeria, nagikeria, handiustea eta tripazainkeria) istorio banatan euskarari txertatuko dizkio. Horrela, hamar minutuko zazpi esketx ikusi ahal izango dira. Bergarako enpresari aprobetxategi bat ikusiko da taula gainean, Pirinioetan Xiberolandia parke tematikoa antolatu nahi duena, euskal esentziak gordetzeko, eta artzain zuberotarrari terrenoa erosi behar diona; edo 6. maila egokitzen zaion arren, hitanoak sexualki kilikatzen duela-eta, alfabetatze taldera igaro nahi duen euskaltegiko ikaslea; edo gizartearen axolagabekeriaz mindutako idazlea...

Novedades aretoan izango da antzerkia. Sarrerak leihatilan bertan erosi daitezke hamar euro ordainduta. Aurrez ere badago erosteko aukera Pol-Pol, Arrano eta Ariznoa tabernetan. Aurrez erosiz gero sarrerak zortzi euro balio du.

Arratsaldean ekintzak

Antzerkia Korrika batzordearen apustu gogorrena bada ere, arratsalde partean izango dira hainbat ekintza.

Munibe plazan 16:30etik 18:00etara bitartean umeen txokoa izango da eta plazan, berriz, gaztetxoendako malabareak.

Kalea girotzeko trikiti eta dantza saioa izango da 18:00etan; eta bertso-triki poteoa egingo dute gero 19:00etan hasita hainbat tabernatan eta kalean.

Antzerkiaren, ostean, 23:00etan kontzertua egongo da Ekin eta Ttakunpa taldeekin gaztetxean. Dantzarako girorik ez da faltako, beraz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak