Jende asko ez, baina eramandakoa saldu zuten Osintxuko baserritarrek

Monika Belastegi Aranzabal 2005ko mar. 7a, 10:00
Auzoko baserritarren barazkiak erosteko aukera izan zuten bertaratu zirenek; baita gozoak ere. Duela bost urte berreskuratu zuen jaia Emeterio eta Zeledonio santuen harira auzoko Txurrumillo elkarteak.

Eguraldiaren eragina nabaritu egin zen zapatuan Bergarako Osintxu auzoan egin zuten ferian. Elurrik ez, baina hotzaren eta euriaren ondorioz, ez zen iaz beste jende joan.

Jende gutxi baina ia guztia salduta

Hala eta guztiz ere, baserritarrak eta gozogileak pozik zeuden, eroandako ia guztia saldu zutelako. Mugarri baserriko Luis Marik esan zigunez, "goiz ibili da jendea erosketak egiterako orduan, iaz baino goizago etorri da, eta ekarritako irasagar ia guztia saldu dut". Horrez gain, haren amak ezagun egin eta min askorendako balio duen pomadita Paula ere saltzen zeukan.

Luis Marirenaren ondoan Joxe Arbelaitzek zeukan postua. Ortuko produktuak zeuzkan, eta hau garairik onena ez izan arren, hainbat gauza zituen salgai: etxean egindako tomatea, porruak, berakatz berria, patata, babak (zuriak, gorriak eta ijito babak), azak, letxugak... Joxek ere erosleak iaz baino goizago ibili zirela esan zigun, eta pozik zegoela saldutakoarekin.

Eguraldiak eragin die barazkiei ere

Bestalde, eguraldiaren eraginaz ere jardun zigun, eta azkeneko elurte eta izozteek barazkiei batere onik egin ez diela gehitu zuen: "azak, porruak, berakatz berria eta azelgak, esaterako, erre egin dira eguraldiagatik". Horrek barazkien prezioan eragin duela ere aitortu zuen, baina beste maila bateko saltokietan: "guk postuan iazko prezio antzekoak ditugu; batez beste, 10 zentimo gehiago".

Esandakoez gain, azokan baziren postu gehiago: Olalde eta Azkorta Erdikokoek barazkiak saldu zituzten; Txurrumillo elkarteak gozoak, gazta eta ogia, eta Arti Lorek lore lehorrak eta xaboi naturalak. Horrez gain, beste postu batean, Jabier Astigarragaren egur tailak ere baziren, koadroak –euskal gaiekin– eta kutxak, hain justu ere.

Bestelako ekitaldiak

Azoka borobiltzeko ekitaldi gehiago egon ziren Santu Martirien ferian: goiz osoan trikitilariek jardun zuten giroa alaitzen eta talo eta sagardo postua ere jarri zuten. Horrez gain, Bergarako Moises Azpiazu dantza taldeak saioa egin zuen eta harri jasotzaileak ere egon ziren. Belar metak nola egiten diren ere erakustekoak ziren, baina euriarengatik bertan behera geratu zen ekitaldia. Santu Martirien feria duela bost urte berreskuratu zuten Emeterio eta Zeledonio santuen harira eta auzoko Txurrumullo Herri Batzordeak antolatzen du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak