Astelenako pilota partiduak Bergarako frontoira ekarriko ditu Aspek

Goiatz Arana Begiristain 2005ko mar. 2a, 16:57
Igandetan Eibarko Astelena pilotalekuan jokatzen dituzten partiduak Bergarako udal frontoira ekarriko ditu Aspek. ‘Pilotaren Katedrala’ren errenta garestiegia omen delako hartu dute erabakia enpresako arduradunek. Hilaren 13an jokatuko da Bergarako lehen norgehiagoka.

Aspe enpresako kideak eta Astelenako jabeak ez dira ados jarri. Enpresatik aditzera eman dutenez, Astelenan gero eta partidu gutxiago antolatzen dituzte, bertara joaten den ikusle kopuruak behera egin du, eta errenta garestitu egin da; partiduko, 3 mila euro ordaintzen dizkio Aspek Astelenari, eta pilota enpresak ezin du diru kopuru hori ordaintzen jarraitu. Errenta hori gutxitzeko eskaerari Astelenako jabeek ezetz erantzun diotela ikusirik, Aspeko arduradunak Bergarako Udalarekin jarri dira harremanetan. Astelehenean izan zuten bilera, Aspek hala eskatuta. Bergarara etorri nahi dutela esan eta urteko egutegia aurkeztu zien Fernando Vidartek udal ordezkariei; 15 partidu izango dira, abendua bitarte.

Hitzarmena, sinatzeke. Konpromisoa, hartuta

Hitzarmena sinatzeke dago oraindik, baina konpromisoa hartuta. Instalazioak erabiltzen uzteaz gain, 18 mila euro emango dizkio, orotara, Bergarako Udalak Asperi.

Lortutako akordioa 2005erako da, baina Bergarako Udala prest dago 2006rako negoziaketak hasteko: abenduan hitzarmena ez eteteko eta aurrerantzean Bergaran partiduak antolatzen jarraitzeko eskatuko dio pilota enpresari.

2006an zer gertatuko den ikusteke dago oraindik, baina 2005erako lortutako akordioa aste honetan bertan, ostiral arratsaldeko bostetan, ofizialduko dute. Bergarako lehen norgehiagoka hilaren 13an jokatuko da .

Herritarrak, pozik

Bergarako udal pilotalekuan 1.200 lagun inguru sartzen dira. Eibarko Astelena baino zerbait txikiagoa da, baina azpiegiturak egokiak dira. Herritarrek gogoan dituzte bertan asteko bi partidu jokatzen zireneko garaiak, eta begi onez hartu dute albistea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak