Atzo Bergaran aurkeztu zuten 18/98 eta gehiago taldea makrosumarioan inputatutakoei sostengua adierazteko.
Debagoieneko zazpi inputatuak, Jose Luis eta Iñigo Elkoro, Fermin Lazkano eta Xabier Arregi bergararrak, Bixente Enekotegi eskoriatzarra eta Amaia Arrieta eta Natale Landa arrasatearrak dira. Horietako batzuk bertan izan ziren.
Natale Landa abokatuak atzoko prentsaurrekoan salatu zuen makrosumario honetako zenbait kasutan Espainiako legedia ez dela errespetatzen. Esaterako, Jose Luis Elkororen kasua. Izan ere Elkoro bi sumario ezberdinetan dago inputatuta eta legearen arabera pertsona bera ezin da egon akusazio berarekin sumario desberdinetan.
Plataforma 18/98+...
Duela aste batzuk aurkeztu zuten Donostian 18/98+ ekimena, 1998 urtetik hona Espainiako Entzutegi Nazionalak hainbat sumariotan inputatutako lagunei babesa eskaintzeko sortutakoa.
Aipatu sumarioetan hainbat taldetako kideak daude, Batasuna alderdikoak, Egin eta Egunkaria kazetetakoak eta Haika, Segi eta Jarrai gazte erakundeetakoak; 220 guztira. ETAko kide izan edo talde armatuari laguntza ematea egozten diete.
Guztira 220 lagun daude inputatuta sumario desberdinetan, ehunka urteko kartzela zigor eskariekin. Datorren astelehenean gazte erakundeetako kideak hasiko dira epaitzen Madrilen. Hauei eta gainerako inputatuei babesa eskaintzeko hainbat ekimen antolatuko ditu 18/98+ taldeak. Ibarrean sinadura bilketa egingo dute laster, eta Donostiako Kursaalen ekitaldia otsailaren 19an; manifestazio nazionala antolatzeko asmoa ere badute.