Bergara Aurrera herri plataformak AHT Gelditu! Elkarlana taldearen izenean aurkeztuko du gaur arratsaldean, Bergarako udaletxean, AHTri aurre egiteko mozioa. Mozio horretan lau eskari nagusi jasotzen dira:
Lehenengoan esaten denez, "Udalak Abiadura Handiko Trenaren proiektua gelditzea eskatzen du, kalteak ekarriko dituelako, gutxi batzuen mesedetan".
Bigarrenean, "Euskal Herri osoko ikusmirarekin azpiegiturei buruzko eztabaida politiko eta soziala hasteko premia aldarrikatu eta bultzatu nahi du".
Hirugarrenean, "Abiadura Handiko Trenaren moratoria eskatzen dio Udal honek Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Espainiako Estatuko gobernuari".
Laugarrenean, "Udal honek AHT gelditzeko antolatzen diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten die herritarrei".
Mozioa aurkezteaz batera, AHT Gelditu! Elkarlana taldeko kideek hainbat galdera egingo dizkiote Bergarako alkate Victoriano Gallastegiri gaur arratsaldeko osoko bilkuran, erregu eta galderen atalean. Hitzordua: 19:30ak.