Oriol Varo katalanarekin batera, Unai Perez de Arenazak bide berria ireki zuen Shisha Pangman (8.013 m) joan den irailaren 27an. Shisha Pangmako ipar aurpegian egin gabe zegoen korridore bat zabaldu zuten. Mila metro inguruko korridorea da, zuzen-zuzenean erdiko gailurrera irteten dena eta 60-70 gradu bitarteko malda duena. Bi mendizaleek Vall de Boiko Udalaren babesarekin egin zuten espedizioa eta Vall de Boi izenarekin bataiatu zuten bide berria.
Urriaren 3an Shisha Pangmako gailurra zapaldu zuten Iñaki Alvarez, Ibon Azkune eta Jesus Mari Erratzu gipuzkoarrek bide beretik.
Urteko alpinismo jarduera onena
Unai Perez de Arenaza bergararrak 29 urte ditu eta Lleidan (Katalunia) bizi da azken urteotan. Esan bezala, Euskal Mendizale Federazioaren Andres Espinosa saria jasoko du gaur. Urteko alpinismo jarduera onena Unairena izan dela erabaki zuen epaimahaiak.
Unairekin batera, honako hauek sarituko dituzte Tolosan: Rikardo Otegi (kirol eskaladako jarduera onena), Asier Urdanpilleta (mendiko lasterketen saria), Ana Bernal (mendiko eskiko jarduera onena), Manuel Velez Elordi (iraupen luzeko ibilaldietan jarduera onena), Angel Landa (ibilbide onena) eta Luis Lajos, euskal mendizaletasunaren barruan osatu duen dibulgazio lanarengatik.