Gutunak aurkezteko epea amaituta, orain epaimahaikoek erabaki behar dute zein den Amodiozko Gutunen XIII. Lehiaketako lan irabazlea.
Jardunetik jakinarazi digutenez, guztira 72 lan jaso dituzte, baita txoko ezberdin askotatik jaso ere. Bergaratik sei gutun jaso dira; Debagoienetik, bederatzi; Gipuzkoatik, 45; Bizkaitik, 16; Nafarroatik, sei; Arabatik hiru eta Bartzelonatik, bi gutun. Horietatik posta arruntaren bidez 40 gutun heldu dira, eta e-postaz 32.
Idazleak ere askotarikoak izan dira. 46 emakumezkoak dira eta 26, berriz, gizonezkoak. Adinari dagokionez, idazle gazteenak 14 urte ditu eta helduenak 61. Idazleen batez besteko adina 25 urtekoa da.
Epaimahaia
Urtarrilaren amaieran elkartuko dira epaimahaiko kideak saria zeini eman erabakitzeko. Epaimahaia lau lagun hauek osatuko dute: Modesto Arrieta iazko irabazleak, Ana Urkiza idazleak, Fernando Murillo idazleak eta Asier Serrano kantari eta idazleak.
Epaimahai gazteak, berriz, Gorka Artolak, Janire Lazkanok, Jone Fernandezek, Naiara Etxanizek, Maite Errartek eta Miren Lizaranzuk osatuko dute.
SMS mezuak
SMS bidezko maitasun mezuen lehiaketan, berriz, 42 mezu jaso dituzte. 38 telefono bidez bidali dituzte eta lau posta elektronikoz. Idazleen bataz besteko adina 23 urtekoa da.
Sari banaketa otsailaren 14an, San Valentin egunean egingo dute Jardunekoek.