Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloa seigarren aldiz ospatuko da aurten, nahiz eta zikloa bera eratu aurretik antolatzen ziren kontzertu solteak.
Bergarako, Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek lankidetzan antolatzen dute zikloa, eta Tolosakoak ere esku hartu du azken urteetan. Aurten bi emanaldi izango dira Tolosan, eta gainerako hiru herrietan, launa.
Bergarako emanaldiak
Bergaran lau kontzertu izango dira orotara, urtarrilaren 15a eta otsailaren 5a bitarte.
- Hilaren 15ean izango da lehena, etxeko artisten eskutik. Azkoitiko parrokiko abesbatzak, Azpeitiko Julian Barrenetxea abesbatzak eta Jose Luis Frantzesena organo jotzaileak emango dute.
- Bigarren kontzertua, hilaren 22koa, inprobisazio kontzertu bat izango da, eta Loic Mollie organo jotzaile paristarrak eskainiko du.
- Hirugarrena hilaren 29an izango da, eta Jurgen Wolf alemaniarrak emango du.
- Otsailaren bostekoa izango da azken emanaldia. Koro Saenzek joko du organoa, Migel Etxepare tronpeta jotzailearen laguntzarekin.
Kontzertu guztiak San Pedro elizan izango dira, iluntzeko zortzietan. Aurreko edizioak arrakastatsuak izan dira, eta aurtengoak ere musikazale ugari erakarriko duelakoan daude antolatzaileak.