Etorkinen inguruko dokumentua aurkeztu du udalak

Udalak, etorkinen inguruan, gaur egun herrian duen errealitatea ezagutzeko dokumentua aurkeztu du. Honetan, besteak beste, Bergaran dauden baliabideen azterketa eta atzerritik etorritako populazioaren azterketa egin du.

Integrazio prozesuan, bai Udalerriak bai etorkinek, dituzten beharrei erantzun egokia emateko helburuarekin egin da lana Udalaren webgunean irakurri daitekeen moduan.

Inmigrazioaren Fenomenoa

Esan beharrik ez dago, nazioarteko inmigrazioa azken urteetan Euskal Herrian izan dugun fenomeno garrantzitsuenetariko bat dela. Garrantzitsua izateaz gain, fenomeno nabarmena bilakatzen ari da. Gure herrian inmigrazioa, nahiz eta fenomeno berria izan, agerikoa da herritar guztiontzat, kalean gero eta atzerritar gehiagorekin egiten baitugu topo.

Txosten honen bidez, herriak, bai Udalak bai udal kanpoko erakunde edota agenteek, inmigrazioaren fenomenoari nola erantzuten dion ikusiko dugu. Beste era batera esanda; herriak etorkinei eskaintzen dien zerbitzuen diagnosia eta etorkinek dituzten beharrei herriak nola erantzuten dien aztertzen saiatzen da. Aztertutako Puntuak

Horretarako, txostena hainbat zatitan egituratuta dago. Honako hauek izango dira txosten honetan agertzen eta aztertzen diren puntuak:

  • Informazio Juridikoa: bertan, Atzerritarren Legea eta gai hau jorratzen duten beste Lege eta Errege Dekretu garrantzitsuenak aipatzen dira.
  • Etorkinak etortzeko arrazoi posibleak: etorkinek Euskal Herrira etortzeko dituzten arrazoiak azaltzen dira.
  • Bergarako inmigrazioaren datuak: etorkinak era ezberdinetan taldekatu eta taldekatze horietatik hainbat ondorio atera dira.
  • Udalak eskaintzen dituen zerbitzuak: Udalak dituen departamentuak eta hauek herritarrei eskaintzen dien zerbitzuak eta aukerak zerrendatzen dira.
  • Eremu ezberdinetako diagnosia: etorkinak gure artean bizi diren bitartean, udaleko zerbitzu ezberdinek eta udal kanpoko erakundeek etorkinek bizitzako hainbat eremutan izan ditzaketen beharrei nola erantzuten dien aztertzen du.
  • Etorkinek egoera legalaren arabera zerbitzuak erabiltzeko aukera: puntu honetan udal barnean eta kanpo erakundeetan etorkin paperduna edo paper gabekoa izatean zerbitzuak erabiltzeko dituen aukerak konparatzen dira.
  • Etorkinei eskaintzen zaizkien zerbitzu eta laguntzetan aurki daitezkeen hutsuneak: udal zerbitzuek, eta neurri txikiago batean udaletik kanpo dauden erakundeek, etorkinei egiten zaien harreran eta beste hainbat eremutan dituzten hutsuneak aipatzen dira.
  • Hobekuntza proposamenak: Udalak eta kanpo erakundeek etorkinei eskaintzen dizkieten zerbitzuak hobetzeko, laguntza eskaintzeko eta beraiek dituzten beharrei era egokiago baten erantzuteko proposamen zerrenda ageri da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.