Ia zortzi hilabetez egon da Arostegiko atea Donostian, apirilaren 22an eraman baitzuten. Esan bezala, Donostiako Albayalde enpresa arduratu da atea berritzeaz. Atea XVI. mendekoa da eta urtetan kalera begira egon denez, nahiko hondatua zegoen, beheko partean batez ere. Landutako erliebeak ere galtzen hasiak ziren. Egindako berritze lanek 28.700 euro inguruko aurrekontua izan dute.
Martitzen goizean ekarri zuten atea Donostiatik. Sei lagun aritu ziren atea bere jatorrizko lekuan jartzen. Ateko orrietako bakoitzak 350-400 kilo inguruko pisua dauka, Xabier Aranburu udal museologoaren arabera. Atea berriro ez hondatzeko, Arostegin izango den erakusketa aretoan egongo da ikusgai aurrerantzean. Atea XVI. mendekoa arte lan bikaina da, eta adituen arabera ez dago horrelako asko, Gipuzkoan ez behintzat.
Inaugurazioa, zehazteke
Hasiera baten, erakusketa aretoa iraila aldera zabaltzekoa zen. Ondoren, Udalak abenduan zabalduko zutela agindu zuen, eta horrela dago jasota Udazken Kulturaleko programazioan. Hala ere, oraindik ez dute inaugurazio datarik zehaztu.