Ibarretxe Planaren aldeko hitzaldia Batzokiaren mendeurren egunean

Marijo Deogracias 2004ko abe. 13a, 10:00
Atzo egin zituen 100 urte Bergarako Batzokiak. Ekitaldi politikoan Josu Jon Imaz eta Joseba Egibarrek Ibarretxeren plana defendatu zuten.

Goizean goizetik, San Pedro kalea moztuta, ekin zioten Batzokiaren Mendeurreneko egun handiari. Ikurrina jaso eta ohorezko aurreskua dantzatu ostean, meza nagusia entzun zuten Bergarako Batzokiko kideek Monjazarretan. Gero etorri ziren ekitaldi politikoa eta herri bazkaria; izan ere, Josu Jon Imaz eta Joseba Egibar aritu ziren Novedades zinema aretoan. Biek ere Ibarretxe lehendakariaren proposamena defendatzen jardun zuten (abenduaren 30ean bozkatuko da Legebiltzarrean).

Egibarren hitzaldia

Iñigo Alberdik hasi zuen ekitaldia eta Joseba Egibarri eman zion hitza. “Bergarar guztiei eskerrak eta zorionak” eman ostean, Juan Luis Bikuña zoriondu zuen Batzokiaren historia batzeko egindako lan bikainagatik. Ondoren, Bergarara lehenengoz etorri zeneko eguna gogora ekarri zuen: “16 urte nituen eta PNVren lehenengo pankartak Bergarako plazan ikusi nituen, zuetariko norbaitek aterata!” Herriaren autodeterminazio eskubideaz ere jardun zuen. “Lehenbailehen lortu behar dugu Euskadi askatua”, aldarrikatu zuen.

Imazen hitzaldia

Josu Jon Imazek gogora ekarri zuen: “Bergaratik sartu izan dira Gipuzkoara aldaketarik garrantzitsuenak: ilustrazioa, seminarioari esker; ekonomia, Muniberi esker… Zerbait berezia badu eskualde honek”. Hortik aurrera, PSOEren kontrako kritikak eta Batasunari eskariak izan ziren Imazen berbak.

“PSOEk ez dauka legitimitaterik Gernikako Estatutua ospatzeko, 14 urteko gobernuan ez duelako horren aldeko ezer egin”, adierazi zuen Imazek, eta gogorarazi egin zion Arnaldo Otegiri erabaki beharko zuela zer izan nahi duen, “lider politiko ala txotxongilo”. Ekitaldiaren ostean Batzokira jo zuten gonbidatuek. Argazkia atera eta bazkaltzera sartu ziren 100 urte betetzen zituen erakundea hartzen duen egoitzara.

Estatutu berria

Eguenean izango da mendeurrenaren gaineko azken hitzaldia. Estatutu politiko berriaren bideragarritasuna izango dute hizpide Jose Manuel Castells eta Xabier Ezeizabarrena abokatuek Migel Altunan, 19:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak