Iñaki Larrañaga Miguel Altunako zuzendariak eguaztenean prentsa aurrean adierazi zuenez, Seminarioan 1928-29 ikasturtean hasi zen lanbide heziketa. Espainiako gerrak eragindako etenaldiaren ondoren, berriz, gaur Miguel Altunak duen eraikinean jarraitu zuten lanbide heziketa eskaintzen, gaur arte.
Lanbide heziketaren aitzindariak topatzeko orduan, Iñaki Larrañagak 1850. urtera jo zuen: urte hartan lau industria eskola ziren Espainian: Madrilen, Bartzelonan, Sevillan eta Bergaran hain zuzen ere.
Liburua eta DVD-a
Esan bezala, 75. urteurrena ospatzeko Bergarako Elementala: 75 urteko ibilbidea izenburuko liburua eta DVDa kaleratuko du Miguel Altunak. Gorka Etxabe Goienako kazetaria dugu liburuaren egilea eta urte hauetan guztietan ikastetxetik pasa diren hainbat lagunen testigantzak jasotzen dira bertan, tartean lehen promozioko bi ikaslerenak.
Liburuaren 3.000 ale kaleratuko dituzte eta doan banatuko da. Liburua zein DVDa abenduaren 15an aurkeztuko dituzte udaletxean eta orain arte egindako lanaren lekuko izatea da arduradunen asmoa.