Ehun urte. Mende osoa. Horixe da Bergarako Batzokiak duen adina. 1904. urteko abenduaren 12an inauguratu zuten; beraz, hilabete barru izango da egun handia. Ospakizunak, baina, ez dira horretara mugatuko: egubakoitzean, azaroaren 12an, hasi eta abenduaren 16ra bitartean jardunaldiak egingo dituzte ospakizun ekitaldien barruan. Jardunaldiotan, hainbat gairen inguruko hitzaldiak egingo dituzte eta Juan Luis Bikuñak Bergarako Batzokiaren historiaren gainean egin berri duen liburua aurkeztuko du.
Herriko lehen batzokia
Bergarako Batzokiaren historia herriko hiru semetan oinarritzen dela esan daiteke, Bikuñak liburuan jasotzen duenez: Koldo Eleizalde, Fidel de Agirreolea eta Marcos de Mugika; hirurak hala hirurak, Sabino Aranak hasitako sentimendu nazionalistarekin erabat konprometituak.
Antza denez, lehenengo bilerak Agirreolearen gozotegian egiten zituzten, baina indarra hartzen zihoan mugimendu nazionalistaren buruzagiek egoitza sozial baten beharra ikusi zuten EAJren politika zuzentzeko. Hala eman zuten batzokia izango zena sortzeko lehen urratsa: 1904ko azaroaren 11n, sarrera eman zioten udaletxean elkartea sortzeko baimen eskariari.
Bidekurutzeta kalean, Lonbide zapata-dendaren gainean ireki zuten lehen Batzokia. Gipuzkoan hirugarrena zen, Donostiaren eta Errenteriaren ondotik. Jende ugari batu zen inaugurazio ekitaldian: Deustuko aita Clemente Pasiotarrak meza eman zuen eta horren ondoren, Bilbotik etorritako Euzko Gaztedia dantza taldeak ohorezko aurreskua egin zuen. Hura izan zen Bergarako Euzko Batzokiyaren abiapuntua eta lehenengo egoitza.
Haren ondotik, beste hiru egon dira, bigarrena Bidekurutzeta kalean ere; hirugarrena, San Pedro kalean (behin-behineko izaerarekin) eta laugarrena (1980tik), gaur egun ezagutzen duguna, San Pedro kaleko Agirrebeña etxe ederra.
Guztira 250 bazkide ditu eta, instalakuntzei dagokienez, hiru bilera areto bat ehun bat lagunendako modukoa eta beste bi txikiagoak, hainbat bulego eta taberna eta jatetxea ere bai. Jatetxean egunero ematen dituzte otorduak, bazkaltzen eta afaltzen, domeketan izan ezik.