Aiton-amonak eta bilobak batera aritu ziren Musika Hamabostaldian

Marijo Deogracias 2004ko urr. 25a, 10:58
San Joxepe erretiratuen elkartearen VIII. Hamabostaldi Musikala hasi da. Bi belaunaldiko abeslariek emanaldia egin zuten Mariaren Lagundiaren elizan.

  • Non. Bergarako Mariaren Lagundiaren elizan.
  • Antolatzailea. San Joxepe elkartea.
  • Zenbat jende. Eliza, beteta.

Puntu-puntuan hasi zuten Musika Hamabostaldia Mariaren Lagundiaren elizan, egubakoitz arratsaldean. San Joxepe Erretiratuen Elkarteak, Antzuola eta Bergarako adinduak batzen dituen elkarteak, zortzigarrenez ekin dio hamabostaldiari eta, aurten, Bergarako Musika Eskolako Haurren Abesbatzarekin eta Bergarako Musika Eskolako Akordeoi Orkestrarekin hasi dute ziklo hori.

San Joxepe abesbatzak hasi zuen kontzertua Ugarteren Festara doinuarekin. Jose Patxi Azkarateren zuzendaritzapean aritu ziren kantariak. Bost kanta abestu zituzten eta, emanaldiaren amaieran, berriz ere ekin zioten abesteari; orduan, baina, Bergarako Musika Eskolako Haurren Abesbatzak lagunduta.

Ohorezko amaiera izan zen, gainera: Bergarako Ereserkia abestu zuten guztiek batera. Hori, ordea, amaieran izan zen. Aurretik, eta erretiratuen emanaldiaren ondoren, txikienen txanda izan zen. Eta, nola ez, horien gurasoen txalo zaparradaren txanda.

Txalo ugari

Txaloetan pareko ibili ziren publikoko kideak: umeei, batetik, eta gurasoei, bestetik, txalo egin behar izan zieten eta, bai kasu batean zein bestean, txalo ugari entzun ziren elizan. Abesbatza aldaketa iraultza txikitxo bat izan zen. Izan ere, nagusiak aldare atzera bildu ziren eta binaka eta presaka atera ziren umeak euren lekua hartzera.

Zuzendaria taldea antolatzen saiatu zen eta, dena prest zegoela ziurtatu ondoren, gitarra, oboe eta biolontxeloaren laguntzaz, Ken 7 talde bizkaitarraren abesti ezagunenetariko baten bertsioa abestu zuten. Publiko artera begira, tarteka, baina betiere zuzendariari adi-adi egin zuten euren lana. Atzeko aldean, berriz, aiton-amonak zituzten so, zaintzen; etorkizuneko abeslariak nolakoak diren ikusten. Lotsati samar abestu zuten gaztetxoenek, baina txukun aritu ziren.

Zinema doinuak

Akordeoi orkestra ere dotore aritu zen. Zinemari esker entzun izan ditugun bi abesti jo zituzten lehenengo eta Abba taldeak ezagun egin zuen Mamma Mia akordeoi soinuz entzutea ere bitxia izan zen. Publikoan, abestera animatu zenik ere izan zen. Eta txalo ostean, berriz ere, aldare ingurua jendez bete zuten bi abesbatzek. Nagusiak atzeko aldean eta umeak aurrealdean, Bergarako ereserkia abestu zuten.

Publikoan zurrumurruak entzun ziren; askotxo amaiera aldera, umeek lagun asko zituzten begira, eta gurasoetariko batzuek argazki kamerak aldean zituzten. Hala ere, San Joxepe elkartearen hamabostaldia dotore hasi zen eta, datozen egunetan ere emanaldi bikainak antolatu dituztenez, aprobetxatu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak