Bergarako Udal Musika Banda 1832. urtean sortu zen eta beraz 2007an Bandaren sorreraren 175. urteurrena ospatuko da. Urteurreneko ospakizunei begira, besteak beste, Bandaren historia jaso nahi da eta beraz datorren urtearen hasieran Justo Garate beka deituko du Udalak, lan hori adjudikatzeko asmoz. Aurrekoetan bezala, bekaren zenbatekoa 6.000 eurokoa izango da eta lana euskaraz burutu beharko dute egileek. 2005eko lehen hiruhilabetekoan lana adjudikatuta izatea da Udalaren asmoa.
Justo Garate beka 1992an jarri zen abian, soziologia, historia eta euskal filologiako lanei zuzenduta. Hala ere, azken aldiz, 1999an deitu zuen beka Udalak. Sonia Aperribaik "Genero harremanak Bergaran; gure emakumeen ohizko bizitza lehenengo industrigintza garaian (1870-1936)" lanagatik eskuratu zuen beka orduan.