Bergara Aurrera Udaleko batzordeetan parte hartzen hasiko da

EduMendibil 2004ko urr. 21a, 19:43
Udaleko batzordeetan parte hartzen hasiko direla esan zuten Bergara Aurrerako kideek martitzenean, urriaren 19an, prentsaurrekoan. Udalbatzan oposiziorik ez dagoela eta udal gobernuaren gestioa ere kritikatu zuten Bergara Aurrerako ordezkariek.

Udaleko batzordeetan lanean hasiko diren arren, udalbatzan benetako ordezkaritza izateko borrokan jarraituko dutela adierazi zuten Maite Guridi, Jesus Mari Garitano, Mikel Eguren eta Mila Elortzak: “Dagozkigun hautetsien auzia konpontzeke dago, eta lan horretan jarraituko dugu”.

Udal gobernuari kritikak

Udal gobernuaren lana kritikatu zuen BAk: "Gestio eskasaren adibide gisa, hor dira kolektoreko lanak, igerilekuen proiektua eta Urteaga kalean gertatutakoa”. Kolektoreko lanen gainean zera adierazi zuten: “Horrelako obra bati probetxua atera behar zaio, aspalditik pentsatuta dauden hainbat proiekturi aurre egiteko; gasolindegiaren inguruko eta Torrekuako biribilguneak eta Ibarrako urbanizazioa, besteak beste. Bideberrin gertatutakoa ere hor dago: herritar batek abisua eman ez balu, zuhaitz erdiak galduta lirateke honezkero”.

Urteaga eta kirolgunea

Urteaga itxita jarraitzea ere larritzat jo zuten BAko ordezkariek: “Udalaren aldetik presio handiagoa egin behar da, ezin da horrenbeste denbora igaro gaiari heldu barik”. Kirolgune berria ere aipatu zuten: "Finantziazioari buruz eta lanen epeei buruz gauza handirik ez dakigu oraindik. Azkenik, Ariznoa plazan egiten diharduten proiektuak plaza horrek izan duen erabilera soziala ez duela bermatzen gaineratu zuten, "lehen ziren zuhaitzen eta jarlekuen tokian, zuhaitz bakarra eta jarleku pare bat besterik aurreikusten dira-eta”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak