Udaleko zergek %3,5eko igoera izango dute 2005ean

EduMendibil 2004ko urr. 21a, 13:27
Udal zerga, tasa eta prezio publikoen % 3,5eko igoera onartu zuen udalbatzak astelehenean. Urak eta zaborrak, hala ere, igoera handiagoa izango dute 2005ean. Urarengatik %7,95 gehiago ordainduko dugu eta zaborren tasak %17 egingo du gora.

Udal gobernua osatzen duten EAJ-EA koalizioak eta Aralarrek igoeraren alde egin zuten; PPko Angel Santanok eta PSE-EEko Francisco Javier Garai zinegotziek, berriz, ezezko botoa eman zuten. Andres Diez Ezker Batuko ordezkaria, berriz, ez zen asteleheneko udalbatzan izan. Oposizioko alderdiek ez zuten euren jarreraren arrazoiak azaldu boto esplikazioaren txandan.

Urak eta zaborrak gora

Datorren urterako, beraz, %3,5eko igoera aplikatuko da. Kontsumo Prezioen Indizearen arabera finkatu da aipatutako igoera. Urte bukaerarako KPI %3,5era iristea aurreikusten dute adituek. Aurreko urteotan bezala, hainbat zerbitzuk kopuru hori baino igoera handiagoa izango dute: urak eta zaborrak %7,95 eta %17ko igoera daukate, hurrenez hurren, eta azokako eta hilerriko kuotei, esaterako, %5eko igoera aplikatuko zaie. Uraren igoera Ur Partzuergoak ezarritakoa dela adierazi dute Udaleko iturriek. Bestalde, sektore komertzialean, %17ko igoera izango du zaborren tasak, eta kategorien arabera ezarriko dira tasa ezberdinak. Kirol zerbitzuei, berriz, %3,5 igoera aplikatuko zaie, baina igerilekuari lotutako tarifak ez aldatzea erabaki zuen udalbatzak. Nobedade gisa, hurrengo urtean uda sasoirako txartela eskuratu ahal izango da. Herritar asko dira igerilekura udan bakarrik joaten direnak eta beraz, ekainetik irailera bitartean, Agorrosingo berdegunean eguzkia hartzeko eta igerilekuan bainua hartzeko aukera izango dute txartel hori ateratzen dutenek. Bestalde, ibilgailuen gaineko zerga ere %3,5 igoko da eta tarifa ezberdinak aplikatuko dira Udalaren baremoen arabera. Mizpirualde egoitzari dagokionez, %4,5 igoko dira tarifak.

Zergen gaineko proposamena ikusgai izango da, nahi duten herritarrek, 30 eguneko epean, erreklamazioak egiteko aukera izan dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak