Udal gobernuko eta Bergara Aurrerako kideen arteko akusazioak asteleheneko osoko bilkuran

EduMendibil 2004ko ira. 30a, 19:20
Udalbatza istilutsua gertatu zen astelehenekoa, irailaren 27koa. Hasiera baten ez zegoen gai garrantzitsurik aztertzeko, baina erregu eta galderen txandan, udal gobernuko eta ikusleen artean ziren Bergarako Aurrerako kideen arteko eztabaida eta akusazioak etorri ziren.

Erregu eta galderetan, Bergara Aurrera taldearen izenean, Mikel Egurenek hitza eskatu zuen; aurreko ostiralean, irailaren 24an, udalbatzan aztertzeko mozioa aurkeztu zutela eta alkateak aipatutako mozioa batzarrera ez eramatea salatu zuen Egurenek. Azken udal hauteskundeen ondorioz, Bergara Aurrerak udalbatzatik kanpo egoten jarraitzen duela adierazi zuen: EAJ, EA, Aralar eta Ezker Batua alderdiei ausardiaz jokatzeko eta LOREG-aren 182.2 artikuluaren bidez BAri dagozkion hautetsien ordezkaritza emateko eskatu zien.

Alkatearen erantzuna

Victoriano Gallastegi alkateak gai hori Eusko Legebiltzarrak arautu beharrekoa dela erantzun zion Egureni. Hala ere, Udaleko batzordeetara joateko baimena eman zien alkateak Bergara Aurrerako kideei. Bergara Aurrerako kideek, borondatea izanez gero, auzia herri mailan konpondu daitekeela eta EAJ-EAk ez duela auzi honen gaineko inolako proposamenik egin salatu zuten. Alkateak herritarren partaidetzarako araudia hor dagoela esan zien, baina BAkoek hori nahikoa ez zela salatu zuten gogor. Eztabaida gogorra izan zuten alkateak eta BAko ordezkariek.

Aralarren proposamena

Aralar taldeko Iñigo Iñurrategi zinegotziak gaia aztertu eta bideratuko duen batzorde berezi bat sortzea proposatu zuen, egoera desblokeatze aldera: “Azken 16 hilabeteotan ez dugu ezer aurreratu eta konpromisoa eskatzen diegu udal gobernuari eta Bergara Aurrerari batzorde berezi bat osatzeko, Estatuak kargurik gabe utzitako hautetsiek udalean dagokien ordezkaritza politikoa gauzatu ahal izateko, dagokien erabaki gaitasun, erantzukizun eta baliabideez”.

Konponbiderako bide bat

Iñurrategik zera esan zien Bergara Aurrerako ordezkariei: “Zilegi da zuek eskatutako bidea, konponbiderako aukera bat delako, baina zalantzak ditugu eragingarria izango ote den. Izan ere, Amezketan eta Nafarroako hainbat herritan, esaterako, izan duzue bide hori probatzeko aukera. Amezketan horretan lanean diharduten arren, beste zenbait tokitan ez da aprobetxatu aukera hori bidea eragingarria den probatzeko”. Iñurrategi eta Egurenen artean eztabaida txiki bat piztu zen orduan eta Egurenek esan zuenez, konponbiderako bide bat hartzea da exijitu duten gauza bakarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak