Erretiratuendako informatika ikastaroak San Joxepen

Ikasturte berriarekin abian jarri dira San Joxepe elkartean ohiko ekintzak eta ikastaroak: eskulanak, yoga, gimnasia, abesbatza eta pintura. Horietan jarduteaz gain, nagusiek informatika ikasteko aukera ere izango dute urriaren 5ean hasiko diren ikastaroetan.

San Joxepe erretiratuen elkarteak informatika ikastaroak antolatu ditu hasi berri den ikasturterako. Urriaren 5ean hasiko dira bi ikastaro eta bestea urriaren 7an.

Nagusiendako izango dira eta San Joxepeko Informatika Gelan emango dituzte eskolak. Informatikako oinarrizko ikastaroa izango da lehenengoa, Interneten gainekoa bestea, eta Power point programari buruzkoa hirugarrena. Oinarrizko ezagutzak jaso nahi dituztenek martitzen eta eguenetan joan beharko dute 11:00etatik 13:00etara. Ikastaroa 24 ordukoa izango denez, azaroaren 11ra arte luzatuko da. Internet eskolak martitzenetan izango dira 17:00etatik 19:00etara eta azaroaren 23ra arte izango da.

Bi ikastaroak, martitzenean, urriaren 5ean hasiko dira.

Power point programaren gaineko ikastaroa, eguenean, urriaren 7an hasi eta azken saioa azaroaren 18an izango da.

Ikastaroetarako izena eman nahi dutenek 943 76 30 09 telefonora dei dezakete edo San Joxepe elkartera jo.

Beste ikastaro batzuk

Bestalde, udako etenaren ostean, berriz ere abian dira urte guztian zehar nagusiek San Joxepe elkartean aukeran izaten dituzten ikastaroak eta ekintzak.

Eskulanak egiteko astelehenetan elkartzen dira 17:00etatik 20:00etara. Yoga egiten dutenak astelehen eta eguaztenetan 11:00etatik 12:30era. Gimnasiako taldekoak astelehenetik eguenera bitartean egunero izaten dituzte eskolak 10:00etatik 11:00etara. Abesbatzakoak martitzen arratsaldetan egiten dituzte entseguak 17:30etik 18:45era. Pintura eskolak, berriz, egubakoitzetan 15.00etatik 19:00etara izaten dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.