Holanda hegoaldean, Eindhoven hiritik gertu dago Veldhoven hiria, eta Gabero abesbatzakoek bertara egingo dute bidaia urriaren amaieran.
Izan ere, urriaren 22an, 23an eta 24an Nazioarteko Gazte Abesbatzen Jaialdia egingo dute bertan, eta 30-35 bergararrek hartuko dute parte lehiaketan.
David Azurtzak zuzenduko du Bergarako abesbatza, eta berak esan digunez, "gazteen abesbatzendako ez da apenas lehiaketarik egoten. Umeen mailan ezin gara lehiatu. Helduenean, berriz, aurkarien mailaren azpitik egoten gara gehienetan lehiaketetan. Beraz, Holandakoa aukera polita da gure mailakoekin lehiatzeko, eta horregatik animatu gara parte hartzera".
Munduko abesbatzak
Azurtzaren esanetan, lehiaketa horren planteamendua nahiko berezia da. "Ez dago diru saririk eta epaimahaikoek abesbatzaren balorazioa egiten dute. Beraz, bat baino gehiago izan daiteke azkenean irabazlea".
Epaimahaikoek erritmoa, ahoskera, espresioa, interpretazioa eta soinua hartuko dituzte kontuan besteak beste. Puntuazioa eman ostean, talde bakoitzak nota bat jasoko du, eta horrela erabakiko da lehiaketako azken sailkapena nola geratu den.
"Ez dugu jardungo gainontzeko abesbatzen aurka, gure buruaren kontra baizik. Helburua ahalik eta maila onena ematea da eta epaileek gure lanaren balorazio ona egitea", esan digu Azurtzak.
Nazioarteko lehiaketa izanik, munduko hainbat txokotatik joango dira gazteak Veldhovenera. Bergararrekin batera, Katalunia, Txekiar Errepublika, Danimarka, Estonia, Finlandia, Hungaria, Letonia, Lituania, Errumania eta Holandakoek bertakoek hartuko dute parte.
Hiru abesti
Abesbatza bakoitzak hiru abesti eskaini beharko ditu 15 minutu inguruko saio batean. Lehenengo kantua eztarriak berotzeko izango da, eta gainontzeko biak, berriz, epaimahaiko kideek abesbatzaren lana neurtu ahal izateko.
Abestien aukeraketa librea izatea ere positiboa da Azurtzaren ustez. Gaberokoek honako hiru kantuak abestuko dituzte: Jose Maria Gonzalez Bastidaren Saratarra; Dante Andreoren musika eta Garcia Lorcaren hitzak dituen Balada de los tres rios eta hirugarrenik David Azurtza beraren Tirikitauki. Azken abesti horrek folklorean oinarritutako hiru kantu ditu bere baitan, eta abesteaz gain, antzezpen txiki bat ere egingo dute Gaberokoek.