Akulu AEK euskaltegia indarberrituta, ikasturte berriaren atarian

Indartuta eta berrituta dator Bergarako Akulu AEK euskaltegia. Hala eman dute aditzera bertako irakasleek gaur arratsaldeko prentsa agerraldian. Aurreko urteetan baino jende gehiago matrikulatu da aurten, eta horrek eskaintza zabaltzea ahalbidetzen die.

Bergarako AEK euskaltegiak indarberritze prozesuari ekin zion orain bi urte, eta hala iragarri dute hastear dagoen 2004-2005 ikasturtearen atarian ere: berrituta eta indartuta datozela alegia; irakasleak bergararrak izango direlako, batetik, eta ikasle kopuruak gora egin duelako, bestetik. Izena eman duten lagunen kopurua iazkoaren bikoitza da, momentuz 30 pertsonek egin dute matrikula, eta ikasle gehiago izateak, eskaintza zabaltzeko aukera dakar berekin.

Horrekin batera, Akulu AEK euskaltegirako bidea hartzen duenak, aniztasuna sumatuko duela ere azaldu dute irakasleek, matrikula egin dutenen artean herrialde ezberdinetako jendea baitago: indiarrak eta errusiarrak, horien artean.

Herrian erabiltzen den euskara maila hobetzeko asmoz

Urteroko eskaintzari eustearekin batera, berrikuntza bat izango da hastear dagoen ikasturtean: aurreko bi urteetan Jarduni zuzenduriko ikastaro bat eskaini dute, begiraleek izan ohi dituzten akatsak zuzentzeko. Aurten, aukera hori beste talde batzuei ere zabalduko die, herrian erabiltzen den euskara maila hobetzeko helburuarekin; kultura, aisialdi edota kirol elkarteetara jo nahi da, haien karteletan eta oharretan, nahiz jendaurreko agerraldietan erabiltzen den euskara zuzenagoa izan dadin. 20 bat orduko ikastaro motz eta erraza izango dela aurreratu dute irakasleek eta, bide batez, inguruko herrietako enpresetan helburu zehatzei lotutako hainbat talde dituztela gogoratu dute.

Lortutako dirulaguntzei esker, eta instituzio ezberdinekin akordioak lortu ostean, matrikula nahiko merke ateratzen dela iragarri dute. Izena emateko epea egubakoitzean bukatuko da. 943 76 05 18 telefono zenbakira deituta edo bertara joanda eman daiteke izena. Eskolak urriaren 4an hasiko dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.