Euskeria, danon aukeria! kanpaina abian

Goiatz Arana Begiristain 2004ko ira. 15a, 18:44
Euskara sustatzeko ahaleginetan, urrats bat gehiago emateko konpromisoa hartu dute gaur bergararrek. Guraso eta merkatariek paper garrantzitsua izango dute ibilbide horretan, eta euskaltzaleek mezu zuzena igorri diete.

Bergarako Udaleko Euskara Batzordeak, Udal euskaltegiak, Akulu AEK euskaltegiak eta Jardun euskara elkarteak indarrak batu dituzte euskarari bultzakada berri bat emateko. Euskararekiko sentiberatze kanpaina jarri dute abian, helburu bikoitzarekin: euskara ez dakitenak ikastera animatzea, eta dakigunok egitera bultzatzea.

Gurasoak eta merkatariak, elementu klabeak

Horretarako, irailean zehar, kanpainaren nondik norakoak jasotzen dituen gutun bat igorriko diete gurasoei, merkatariei eta Jarduneko bazkideei, ahalegin honetan elementu klabeak direlako hirurak. Seme-alabei euskaraz egitea zeinen garrantzitsua den azalduko diete gurasoei, eta merkatariei bezeroei lehen berbak euskaraz egiteko, kartel eta abarrak euskaraz jartzeko edota ingurukoak euskaraz egitera animatzeko eskatuko diete. Kanpaina martxan jarrita, ikas eta erabiltze prozesuak uztartzeko ekimenak antolatuko dituzte ondoren.

Bergararren ehuneko hirurogeita hamarrak daki euskaraz, baina erabiltzaileen portzentajea apur bat baxuagoa da. Urtero moduan, aurten ere Bergarako kaleetan euskararen erabilera nolakoa den aztertu dute eta, behin datuak aterata, azkenaldi honetan nabaritzen den ildoa mantentzen dela baieztatu dute arduradunek: haurretan erabilera nahikoa finkatuta dagoela, gazte eta helduetan gorantz doala, eta 3. adineko pertsonetan erabilera gutxitzen doala.

Abian jarri berri duten egitasmoa Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan kokatzen da, eta orain arteko datuak hobetzeko bidea emango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak