Lehia handia egon arren, txapela

Hamabi bikoteren artean onenak izan ziren Asier Ena eta Maite Lazkano, egubakoitzean jokatu zen Moises Azpiazu dantza solte txapelketan. Azkoitiarrak, berriz, bigarren.

Arratsaldeko zazpi eta erdietan puntuan egin zuten zozketa Moises Azpiazuren omenezko dantza solteko XX. txapelketarako, eta Aritz Martin sestaoar eta Maialen Olazabal mendaroarrak estreinatu zuten taula gaina 19:50ak bueltan. Guztira hamabi bikote lehiatu ziren eta Azpitartearrak (Azkoitia) eta Bergarako bikote Asier Enak eta Maite Lazkanok ez zuten kalerik egin. Txapela eta zapia, laugarren urtez jarraian, Bergaran gelditu ziren.

Hasi aurretik beroketa ariketak egin zituzten dantzari guztiek. Elkarrekin lehiatuko zirela bagenekien arren, euren artean oso giro ona dagoela erakutsi zuten: elkarrekin berba eta batera dantza egin, taula gaina nola dagoen esan batak besteari…

Jantzi oso dotoreak

Soinean, abarkak batzuek eta abarketa zuriak besteek. Mutilek, galtzerdiak gainetik edo praka luze gris ilunak eta, batzuek, txalekoak, baina guzti-guztiek alkandora manga luzeak; neskek, mantal zuri-beix-beltzak aukeran, eta alkandorak ere, denetarikoak. Baina guzti-guztiak dotore, oso dotore, eta harrotasunez erakutsi zituzten euren abileziak bai arin-arinean bai eta fandangoan.

Maila bikaina

Epaileak Euskal Dantzarien Biltzarrekoak ziren: Xabier eta Antton Mendizabal donostiarrak eta Carlos Sarriegi hernaniarra. Maila oso ona erakutsi zuten bikote guztiek.

Epaimahaikideek hori azpimarratu zuten saioaren amaieran: harro-harro dantzan egin zutela bikote guztiek eta desberdintasunak egon ziren arren, maila paregabea dutela guztiek; mailarik baxuenean ere kalitate bikaineko bikoteak direla guztiak.

Adi-adi egon zitzaien epaileak hamabi bikoteei eta batekin baino gehiagorekin duda-muda aurpegia ere erakutsi zuten puntuazioa emateko orduan. Hala ere, pronostikoa bete zen eta bergararrak izan ziren Moises Azpiazu dantza solte txapelketaren hogeigarren aldiaren irabazleak 213,25 punturekin.

Zapatuan, Hernanin, denboraldiko azkeneko txapelketan, berriz, bigarren izan ziren azkoitiarrengandik puntu erdira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.