Txikizioa Aranzadi ikastolan

Julen Iriondo 2004ko ira. 3a, 16:32
Oporretatik itzultzean azkenaldian ohiko bihurtzen ari den irudia aurkitu dute Aranzadi ikastolan: poligonoko eraikinaren atzealdera ematen duten zenbait gelatan txikizio galantak. Sarriegi errepikatzen den arazo hau eragozteko Udalak behar beste ahalegin egiten ez duela diote Aranzadin.

Ikastetxeko arduradunen arabera aspalditik datorren kontua da. Eskolarik eza aprobetxatuz eta eraikinaren alderdi hori nahikoa ezkutuan geratzen dela baliatuz harriak eta bestelakoak botatzen dituzte leihoetara, kristalak eta pertsianak hautsiz. Lehen, gainera, leihoetako kristalak hautsita ikastetxe barrura sartzen omen ziren, eta beti egon behar izaten omen zuten zer puskatu edo lapurtuko zuten beldurrez.

Egoera ikusita Aranzadi ikastolako arduradunek eraikinean alarma jartzea erabaki zuten; gaizkileak ikastetxera sartzea eragotzi dute horrela, baina ez da nahikoa. Eraikinaren atzealdeko geletako txikizioek ez dute etenik.

Udalari kritika

Irakasleek azaldu digutenez ikastolak sarri jo du Udalarengana arazoaren berri emanaz. Izan ere, Bergarako Udala da eraikinaren mantenuaren arduraduna. Aranzadikoek salatzen dute Udalak ezer gutxi egiten duela arazoa konpontzeko. Txikizioren bat gertatzen den bakoitzean kristal eta pertsiana berriak jartzen omen dizkiete, baina besterik ez.

Ikastolakoek eskatzen dute txikizioak konpontzen ezezik hauek eragozten egin dezala Udalak ahalegin gehiago. Jar ditzala hesiak ikastetxearen kanpoaldean, eta baita leihoetan barra batzuk ere. Aranzadi ikastolakoek diote egoera jasanezina dela, eta tamaina honetako arazoaren aurrean Bergarako Udalak abandonatuta dituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak