Miguel Altuna ikastetxean pabiloi berria egingo dute

EduMendibil 2004ko ira. 2a, 14:00
Plastikoetara zuzendutako industria pabiloia eraikitzen hasiko dira hurrengo astean Miguel Altuna ikastetxean, Seminario aldera. Lanen aurrekontua 80.000 eurokoa da eta aipatutako tailerra datozen bost urtetan erabiliko da.

Iñaki Berasategi arkitektoak egindako proiektuari jarraituz, datorren astean hasiko dira pabiloi berria egiteko lanak. Pabiloi berria Miguel Altuna ikastetxearen jarraipena izango da, Seminario aldera, eta 16,8 m x 12,70 m-ko neurriak izango ditu. Ikasleei zuzendutako plastikoko tailerra izango da eta urriaren amaierarako lanekin bukatzea espero dute. Aipatutako proiektuak aurrera egiteko beharrezkoa izan da Espainiako Estatuaren baimena, bera baita Seminarioko terrenoen jabea.

Bost urteko erabilera

Aurrekontua, esan bezala, 80.000 eurokoa da, eta pabiloiak bost urteko bizitza besterik ez du izango. Halaxe hitzartu dute Jaurlaritzako Hezkuntza departamentuak eta Espainiako Estatuak. Hain zuzen ere, bost urte barru, Miguel Altuna ikastetxe berria Mayc inguruko terrenoetan egotea espero dute hezkuntza saileko arduradunek. Jose Manuel Ibargoien arkitektoa hasi da dagoeneko ikastetxe berriaren proiektua erredaktatzen.

Ikastetxe berria Mayc inguruan

Izan ere, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 2001. urtean sinatutako hitzarmenaren arabera, Udalak Mayc inguruko terrenoak utzi zizkion Jaurlaritzari bertan ikastetxe berria eraiki ahal izateko. Horren ordainean, Udalak Ibargarai kalean dagoen Miguel Altuna ikastetxearen zati bat eskuratu zuen, etorkizunean bertan etxebizitzak egin ahal izateko. Miguel Altuna ikastetxeko arduradunek beharrezkotzat jo dute pabiloi berria egitea, egunean ikastetxean tailerretarako dagoen tokia nahiko eskasa zelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak