Urteagako kaltetuek lanak lehenbailehen hastea eskatu diote Diputazioari

EduMendibil 2004ko uzt. 23a, 14:10
Urteaga kaleko itxierarengatik kaltetutako enpresa eta partikularrek mobilizazioak deitu dituzte datozen egunotarako. 2003ko azarotik Bergaratik Antzuolara joateko bidea itxita dago eta Diputazioak agindutako lanak ez dira hasten.

Urteagako itxierarengatik kaltetutakoek lanak lehenbailehen hastea eskatu diote Diputazioko errepideen departamentuari. Gogoratuko duzuenez, Bergaratik Antzuolara joateko errepide zaharra itxita dago joan den azarotik, Eskusarte harrobian lerradurak gertatu ondoren. Lerradurak zirela eta, 2003ko maiatzean ere errepidea itxi egin behar izan zuten.

Diputazioaren zain

Horren ondorioz, Antzuola alderako joan-etorria egiteko ekialdeko saihesbidea erabiltzera behartuta daude auto gidariak. Gidariek eta inguruan kokatuta dauden enpresek jasaten dituzten kalteak nabariak dira. Horrez gain, Urteaga 29ko bizilagunak beraien etxebizitzak uztera behartu zituzten, istripuren bat gertatzeko arriskua zegoelako. Joan den apirilaren 26an Bergarara egindako bisitaldian, Joxe Joan Gonzalez de Txabarri diputatu nagusiak Diputazioa egin beharreko lanen kargu egingo zela adierazi zuen. Lanak adjudikatzear zela adierazi zuen orduan. Aipatutako lanek, hasiera baten, bost milioi euro inguruko aurrekontua daukate.

Elkarretaratzea

Hala ere, apiriletik hona ez da inolako mugimendurik egon arazoa konpontzeko eta kaltetuek mobilizazioak deitu dituzte. Atzo, eguena, elkarretaratzea egin zuten San Martin plazan eta lanak hasten ez badira, protestekin jarraitzeko asmoa dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak