Osintxuko zubi berriko lanak, hastear

EduMendibil 2004ko uzt. 8a, 18:07
Osintxuko zubi berria egiteko lanak hastekoak dira astelehenean, uztailaren 12an. Soraluce kooperatibak eta Udalak bere garaian sinatutako hitzarmenaren arabera, Soraluce egingo da kargu proiektuarekin. Lanek milioi bat euro inguruko aurrekontua daukate.

Eguaztenean, hilaren 7an, Osintxuko auzotarrek bertan behera laga zuten zubia eraikitzearen atzeratzea zela-eta, deitutako protesta ekitaldia. Luis Mari Alberdi Osintxuko auzo alkatearen arabera, eguaztenean bertan agindu zieten zubi berria egiteko lanak astelehenean, hilaren 12an, hastekoak zirela.

Atzerapen ugari

Osintxuko auzotarrek aspalditik eskatu dute zubia berria egitea, gaur egun tona askotako kamioak pasatzen direlako zubi zaharretik. Hain zuzen ere, orain dela urtebete ere protesta ekitaldia egin zuten auzotarrek, lanak hasten ez zirelako.

Bergarako Udalak eta Soraluce enpresak 2002ko ekainean sinatu zuten hitzarmena. Enpresa handitzearen truke, Soralucek bere gain hartuko luke zubi berria eraikitzeko lanak. Kontuak kontu, aipatutako proiektuak atzerapen ugari izan ditu. Soraluce enpresako iturrien arabera, enpresa ez da atzerapenaren erruduna. Erakunde ezberdinen aldetik beharrezko baimenak ez dira etorri eta hori dela eta proiektua atzeratzen joan da behin eta berriz.

35 metroko zubia

Esandako moduan, astelehenean hasiko dira zubi berria egiteko lanak. Proiektuak milioi bat euro inguruko aurrekontua dauka eta lanek, hasiera baten, bost hilabete iraungo dute.

Altuna y Uria enpresak burutuko ditu zubi berriko lanak. Zubi berria Gerondo parean eraikiko dute eta 35 metroko luzera izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak