Bergarako Orfeoiak eta herriko musika eskolako kantu ikasleek eta soka taldeak kontzertua eskainiko dute egubakoitzean, uztailak 2.
Kontzertuak bi zati izango ditu; lehenengoan, musika eskolako honako bakarlariak arituko dira: Isabel Juldain, Naroa Alberdi, Nere Ibarra, Argiñe Agirrezabal, Miren Azkarate, Ainara Uribesalgo, Joseba Iparragirre, Fran Martinez eta Carlos Etxaniz. Taldeko, bakarkako edo binakako emanaldiak egingo dituzte, Mozarten, Pergolesiren, Aita Donostiaren eta Haydn-en bost pieza jokatuaz. Amaia Urdangarin eta Maria Jesus Ugaldek lagunduko diete pianoan.
Bigarren zatian, Bergarako Orfeoiak, kantu ikasleen eta soka taldearen laguntzarekin, Dietrich Buxtehuderen Membra Jesu nostri pieza eskainiko du. Soka taldean, honako musikariak egongo dira: biolina jotzen, Amaia Artzamendi irakaslea, Maite Alonso eta Arantzazu Orue; biolontxeloarekin, Jasone Camara. Organo jotzailea Elena Cavierno izango da.
Emanaldi guztia David Azurtzak zuzenduko du.